EGITARAU ASKATZAILEA
Kristau askok uste du bere fedea erantzukizunez ari dela bizitzen, praktika erlijioso jakin batzuk betetzen dituelako eta bere portaera lege moral eta arau eliztar batzuen araberakoa delako.
Era berean, kristau-elkarte askok pentsatzen du leial ari dela betetzen bere egitekoa, katekesi-zerbitzua eta fede-heziketa eskaintzen saiatzen delako, eta kristau-kultua duinki ospatzen ahalegintzen delako.
Hau al da Jesusek abian jarri nahi izan zuen gauza bakarra bere ikasleak munduan barna bidali zituenean? Hau al da historiaren bihotzean isuri nahi izan zuen bizia?
Jesusen hitzak berriro entzun beharra dugu, fededunek gizarte honetan dugun benetako misioa berraurkitzeko. Honela jaso du Mateo ebanjelariak Jesusen agindua: «Zoazte eta hots egin hurbil dela zeruetako erreinua. Sendatu gaixoak, berpiztu hildakoak, garbitu lepradunak, bota deabruak. Doan hartu duzu, eman doan».
Gure lehen egitekoa gaur egun ere hots egitea da Jainkoa gugandik hurbil dagoela, gizadiaren zoriontasuna salbatzen tematurik. Baina Jainko salbatzaile baten iragarpen hau ez da gauzatzen diskurtso eta hitz iradokitzailez bakarrik. Ez da segurtatzen, ez katekesiaz, ez erlijio-irakasketaz. Jesusek berak gogorazi digu Jainkoa hots egiteko modua: doan lan egitea gizon-emakumeei bizi berria isurtzeko.
«Sendatu gaixoak, hau da, liberatu bizia lapurtzen eta sufriarazten dien guztitik. Sendatu arima eta gorputza minez deseginik eta eguneroko bizitzaren laztasun gupidagabeak estuturik sentitzen direnei.
«Berpiztu hildakoak», hau da, liberatu jendea bere bizia blokeatzen eta bere esperantza hiltzen dion guztitik. Iratzarri berriro biziaren maitasuna, Jainkoarekiko konfiantza, borrokarako gogoa eta askatasun-nahia bizitza pixkana hiltzen ari zaien hainbat eta hainbat gizon-emakumeri.
«Garbitu lepradunak», hau da, garbitu gizarte hau hainbat eta hainbat gezur, hipokresia eta konbentzionalismotik. Lagundu jendeari egia, xumetasun eta ondradutasun handiagoz bizitzen.
«Bota deabruak», hau da, liberatu jendea hainbat eta hainbat idolotatik, esklabo bihurtzen gaituzten, gutaz jabetzen diren eta geure bizikidetasuna txartzen diguten idoloetatik. Jendea liberatzen ari garen lekuan, han ari gara Jainkoa hots egiten.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






