BIZIA ERREGALU
Gaur egun ia gauza guztiek eragiten digute ekintzaren, programazioaren eta emankortasunaren harira bizitzera. Honetan alde txikia izan da kapitalismoan eta sozialismoan. Pertsona bat balioztatzeko orduan, beti hartu izan da neurgailutzat pertsona horrek duen ekoizteko gaitasuna.
Esan daiteke gizarte modernoa konbentzimendu praktiko honetara iritsi dela, ezen, bizitzari bere egiazko zentzua eta edukirik beteena emateko, inporta duen gauza bakarra ekoizpen-mailarik handiena azaltzea dela, ahalegina eta ekintza direla medio.
Horregatik gertatzen zaigu hain arrotz eta deseroso Markos ebanjelariak jaso duen parabola txiki hori: Jesusek «Jainkoaren erreinua» berez hazten den haziarekin, laborariak ernetzeko eta hazteko indarrik ematen ez dion horrekin, konparatzen baitu. Dudarik gabe, garrantzizkoa da laborariak egin duen ereintzako lana; baina hazi horretan bada zerbait laborariak ipini ez duena: bizi-indarra, laborariaren ahaleginari zorrik ez diona.
Bizia erregalu dugula esperimentatzea gizon-emakumeok gaur egun era berri batean biziaraz gaitzaketen gauzetako bat da, segur aski: adiago eta erneago, ez bakarrik geure lanaz lortzen dugunari, baita, batez ere, era doakoan lortzen dugunari.
Nahiz eta, agian, ez sumatu horrela, gure «zoritxarrik» handiena geure ahaleginaz bakarrik bizitzea dugu, Jainkoari graziaz eta bedeinkazioz bete gaitzan utzi gabe, eta eten gabe erregalatzen ari zaigunaz gozatu gabe. Bizitzan bide egitea, eguneroko «berritasunak» harritu gaitzan utzi gabe.
Denok dugu gaur egun bizitzen ikasi beharra, era irekiago eta hartzaileagoan, jarrera kontenplagarriago eta esker onekoagoan. Norbaitek esana du ezen badirela problemak ahaleginaren ahaleginaz «askatzen» ez direnak, eta, ostera, urtzen direnak Jainkoaren grazia geure bihotzean onartzen dugunean. Ahaztu egiten dugu, azken batean, Georges Bernanosek esaten zuen bezala, «den-dena grazia dela»; izan ere, dena, den-dena, sorkari gaituen guztientzat grazia, barkazio eta harrera den Jainko horren misterioak sostengaturik eta kutsaturik dago. Horixe agertu digu Jesusek.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain