INOR EZ APARTATU JESUSENGANDIK
Lukasen kontakizunaren arabera, Simon izeneko fariseu batek gogo handia du Jesus bere etxera gonbidatzeko. Segur aski, otorduaz baliatu nahi da jendearen artean izen handia hartzen ari den galilear harekin zenbait arazoz mintzatzeko.Jesusek onartu du gonbita: guztiengana helarazi nahi du Jainkoaren Berri Ona.
Otordukoan, Simonek aurreikusi ez duen zerbait gertatu da. Herriko emakume prostituitu batek eten du bazkalondoa: Jesusen aurrean belauniko jarri eta negarrari eman dio. Ez daki nola eskertu bera bezala guztien mespretxuak markatua duen jendearentzat Jesus agertzen ari den maitasuna. Eta guztiak zur eta lur direla, Jesusen oinei musu eta musu ari da, urrin bikainez igurzten.
Bere onetik atera da Simon ikusia ikustean. Emakume bekatari bat Jesus ukitzen bere etxean! Ezin jasana: gizon hori oharkabea da, eta ez Jainkoaren profeta. Emakume lohi hori Jesusengandik apartatu beharra da bat-batean.
Jesusek, haatik, uki dezan uzten dio emakumeari eta maita dezan. Inork baino behar handiagoa du emakume horrek. Eta Jesusek, aparteko txeraz, Jainkoaren barkazioa eskaini dio; ondoren, emakumeak bere barruan duen eta salbatzaile duen bere fede apala aurkitzen lagundu dio. Bakean bizi dadin soilik opa dio Jesusek: «Barkatuak dituzu zeure bekatuak… Zeure fedeak salbatu zaitu. Zoaz bakean».
Ebanjelio guztiek azpimarratu dute gizarte-sail guztiek Jainkoaren bedeinkaziotik apartatu nahi izan dituzten guztiei −prostituitu, zerga-biltzaile, lepradun…− Jesusek agertu dien harrera eta ulermena. Eskandalagarria da Jesusen mezua: jende erlijiosok mespretxatu dituenek leku berezia dute Jainkoaren bihotzean. Bakarra da horren arrazoia: halakoak dira harrerarik, duintasunik eta maitasunik handiena behar dutenak.
Egunen batean berraztertu beharra izanen dugu, Jesusen portaera honen argian, zein den gure jarrera kristau-elkarteetan gizarte-sail batzuekiko: prostituzioan bizi diren emakumeekiko, homosexualekiko, lesbianekiko; izan ere, nahiago izaten dugu Elizaren baitan halakoen arazoei, sufrimenei eta borrokei ezikusiarena egin, guretzat ez bailiran.
Ez dira gutxi egin genitzakeen galderak:
- Non aurki lezakete gure artean Jesusenaren antzeko harrerarik?
- Nori entzun liezaiokete Jainkoaz mintzo zaien hitz bat, Jesusek egiten zuen bezala?
- Zer laguntza aurki lezakete gure artean beren sexu-izaera bizitzeko jarrera erantzukizunezkotik eta fedezkotik?
- Zeinekin parteka dezakete Jesusekiko beren fedea bakez eta duintasunez?
- Zein da gai intuitzeko erlijio guztiek bazter utziak dituztenekiko Jainkoak duen maitasun hondogabea?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain