SINESTEKO BELDUR
Gizon-emakumeok nahiago izaten dugu ia beti erraza dena, eta bizitza guztia egiten dugu benetako arrisku eta sakrifizio denari nola iskin egingo. Atzera egin eta pasibotasunean hesitzen gara, hein batean lasai bizitzeak berekin dituen eskakizunak eta borrokak ikusten ditugunean.
Beldurra ematen digu geure bizitza aintzat hartzeak, nork bere bizitza erabateko erantzukizunez hartuz. Gauza errazagoa da «tinko kokatzea» eta «nola hala bizitzea», ausartu gabe geure eguneroko bizitzaren azken zentzuari aurre egiten.
Zenbat gizon eta emakume bizi den, jakin gabe nola, zergatik eta norantz begira bizi den. Hor daude. Aurrera doa bizitza, baina, oraingoz, inork ere ez ditzala gogaitu, nekarazi. Harturik daude, beren lanak harturik, ilunsentian telebistako programa zain dute, hurbil dira oporrak. Zer gehiago behar dute?
Aldi zailak bizi ditugu, eta ahal bezala babestu beharra izaten dugu. Orduan, bakoitza bila hasten da, ahalegin handiago edo txikiagoaz, gehiena komeni zaion lasaigarriaren bila; bitartean, gure barnean irekiz doa hutsune bat, gero eta handiagoa, zentzurik ezarena eta koldarkeriarena, geure bizitza bere hondo-sakontasun osoan bizitzea eragozten diguna.
Horregatik, geure burua errazegi fededun deitzen dugunok egiati entzun beharko genituzke Jesusen hitz hauek: «Zergatik zarete hain koldar? Oraino federik ez duzue?». Agian, fedearen aurkako gure bekaturik handiena, ebanjelioa onartzeko gehienik blokeatzen gaituena, koldarkeria da. Esan dezagun egiati. Ez gara ausartzen serioski aintzat hartzen ebanjelioak esan nahi duen guztia. Beldurra ematen digu Jesusen deia entzuteak.
Sarritan ezkutuko koldarkeria izan ohi da, inkontzientea. Norbaitek «heresia mozorrotua» aipatu izan du (Maurice Bellet); kristautasuna defenditzen dutenena, baita era oldarkoian ere, baina sekula irekitzen ez direlarik ebanjelioaren eskakizun oinarrizkoenetara.
Orduan, kristautasunak arriskua izaten du lasaigarri bat gehiago bihurtzeko. Sinetsi beharreko diren gauzen piloa, bete eta defendatu beharreko diren gauzen multzoa. Gauzak, «beren mailan harturik», on egiten eta bizitzen laguntzen dutenak.
Baina, horrela dena faltsuturik gera daiteke. Nor bere «erlijio lasaigarri propioa eginez bizi daiteke, ez oso urruna paganismo arruntetik, konfortaz, diruaz eta sexuaz elikatzen dena, mila modutan ekidinez «arrisku goren-gorena», hau da, topo egitekoa Jesusen Jainko biziarekin, zuzentasunera, haurridetasunera, pobreen hurbileko izatera dei egiten digunean.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






