GURUTZERIK GABEKO KRISTAUTASUN BATEN ARRISKUA
Gaur egungo kristautasunaren arrisku handienetako bat pixkana «gurutzearen erlijiotik» «ongizatearen erlijiora» igarotzea da. Duela urte batzuk Reinhold Niebur-en hitz batzuei erreparatu nien; asko pentsarazi zidaten. Teologo iparramerikarra «eztenik gabeko erlijio baten» arriskuaz mintzo zen, «gurutzerik gabeko Kristo baten bidez, bekaturik gabeko gizon-emakume batzuk suminik gabeko Jainko batek auzirik gabeko erreinu batera eramango lituzkeela predikatuz» bukatuko lukeenaren arriskuaz, alegia. Benetakoa da arriskua, eta saihestu beharra dugu.
Jainko Adiskide baten baldintzarik gabeko maitasuna azpimarratzeak ezin esan nahi du geure komenientziako Jainko bat eraikitzea, «erlijio burges bat» (Johnn Baptist Metz) legitimatuko lukeen Jainko laxo bat eraikitzea. Kristau izatea ez datza komeni zaidan eta kasu guztietan «bai» esango didan Jainko bat bilatzean, baizik eta, hain justu ere Adiskide delako, neugan erantzukizuna iratzartzen duen eta, horregatik beragatik, behin baino gehiagotan sufriarazten, oihu eginarazten eta isilarazten nauen Jainko bat bilatzean.
Ebanjelioa bizi-iturri eta osasuntsu hazten joateko estimulu dela aitortzeak ez du esan nahi sufrimenduaren aurrean «immunizaturik» bizitzea. Ebanjelioa ez da lasaigarri bat geure plazeraren eta ongizatearen fantasmen zerbitzura antolatutako biziera bizitzeko. Kristok biak egiten ditu: gozarazi eta sufriarazi, kontsolatu eta kezkarazi, sostengatu eta kontraesan. Horrela bakarrik da bera bide, egia eta bizi.
Jainko Salbatzaile batengan, oraindanik jada eta geroaren zain egon gabe, kalte egiten digunetik liberatzen gaituen horrengan, sinesteak ez gaitu eraman behar kristau-fedea maila pribatuko erlijiotzat hartzera, soilik geure problema eta sufrimendu pertsonalen zerbitzutzat, hartzera. Jesu Kristoren Jainkoak sufritzen duenari begira jartzen gaitu beti. Ebanjelioak ez dio ematen pertsonari norberaren sufrimendua erdigunetzat, baizik eta besterena, lagun hurkoarena. Horrela bakarrik bizi daiteke fedea salbazio-esperientzia gisa.
Fedean maitasunean bezala, dena ibili ohi da nahasirik: buru-eskaintza konfiantzazkoa eta jabe izatearen guraria edo desira, eskuzabaltasuna eta egoismoa. Horregatik, ez genituzke ezabatu behar ebanjeliotik hitz hauek, latzak iruditu arren, baina geure fedearen egiatasunaren aurrean jartzen gaituztenak: «Bere gurutzea hartu eta jarraitzen ez didana ez da niretzat duin. Bere biziaren bila dabilenak, galdu egingo du, eta bere bizia nigatik galdetzen duenak, aurkitu egingo du».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain