ESPARRU BAT DOMINAZIO MASKULINORIK GABE
Emakume bat, lotsaz eta beldurti, Jesusengana hurbildu da sekretuki, aspaldidanik umiliarazten duen gaixotasun bat sendatuko dion konfiantzaz. Sendagileek dirurik gabe, lur jota, utzi dute; bakarrik eta etorkizunik gabe bizi da; fede handiz dator Jesusengana. Soilik, bizitza duinago eta sanoago bat nahi du.
Kontakizunaren hondoan problema larri bat sumatzen da. Odol-jarioa jasaten du emakumeak: erritu-lohitasunean eta diskriminazio-egoeran bizitzera behartzen duen gaixotasuna da. Erlijio-legeek Jesusekin harremanik izatea eragozten diote; halaz guztiz, harreman horiexek senda dezakete.
Orduan gertatu da sendakuntza, emakume hark, diskriminaziora behartzen duten erlijio-kategoriatan heziak, bere burua legetik liberatzea lortu duenean, konfiantza Jesusengan ezarririk. Profeta harengan, Jainkoak bidalia den harengan, bera salbatzeko gai den indar bat sumatu du. Eta «nabaritu zuen sendaturik zuela bere gorputza»; Jesus, berriz, «ohartu zen indar salbatzaile bat irten zela beragandik».
Pasadizo hau, itxuraz ezdeusa, ebanjelio-iturburuetan etengabe ageri denaren adierazpen bat da, bat gehiago: Jesusen jarduera salbatzailearen adierazpen bat; konprometiturik ageri baita Jesus beti, emakumea zokoratze sozialetik, familia patriarkalean gizonezkoaren zapalkuntzatik eta Jainkoaren herriaren baitan dominazio erlijiosotik liberatzen.
Anakronikoa izango litzateke, Jesus gure egunotako feminista bezala azaldu nahi izatea, konprometitua emakumearen eta gizonezkoaren eskubide-parekotasunaren aldeko borrokan. Bere mezua errotikoagoa du Jesusek: gizonezkoaren gailentasuna eta emakumearen mendetasuna ez datoz Jainkoagandik. Horregatik, baztertu egin behar dira uste biak Jesusen jarraitzaileen artean. Jesusek bere mugimendua, dominazio maskulinorik gabeko esparru bezala bururatu du.
Gizonezkoen eta emakumeen arteko harremanek gaixo jarraitzen dute, Elizaren barnean ere. Emakumeek ezin nabari dute gardentasunez Jesusengandik ateratzen den «indar salbatzailea». Geure bekatu handietako bat dugu hori. Argia da sendabidea: ezabatu emakumearen diskriminazioa eragiten duten legeak, ohiturak, egiturak eta jokabideak, Eliza dominazio maskulinorik gabeko esparru bihurtzeko.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain