JESUSI JARRAITU
Jesusi «jarraitu» delako hori metafora bat da, ikasleek Galileako bideetan ikasi zutena. Beraientzat hau esan nahi du zehazki: ez galdu Jesus begi-bistatik, ez geratu geldi eta planto eginik, Jesusengandik urrun; bide egin, mugitu eta ibili beraren ondoren. Jesusi «jarraituko diot» esateak mugimendu-dinamika eskatzen du. Horregatik, mugimendu-eza Eliza baitan gaixotasun hilgarria da: hil egiten du Jesusi jarraitzeko irrika, beraren bizitza, beraren asmoa eta beraren zoria partekatuz.
Lehen kristau-belaunaldiek ez zuten ahaztu sekula, kristau izatea Jesusi «jarraitzea» dela eta Jesus bezala bizitzea dela. Funtsezko gauza da hau. Horregatik ematen die Lukasek halako garrantzia Jesusen hiru esapideri.
Lehen esapidea. Jesusi jarraitzera deliberaturik datorkion bati ohartarazi dio: «Gizakiaren Semeak ez du, atsedeteko, burua non jarri». Bizirauteko senak, gizarte moderno honen baitan, segurtasuna bilatzera garamatza kristauak gaur egun. Hierarkia lehiatzen ari da, nola berreskuratuko beheratzen ari den sostengu soziala. Kristau-elkarteak galtzen ari dira garrantzia eta indarra ingurumenean inolako eraginik izan ahal izateko. Ez dakigu «non etzan burua». Jesusi nola jarraitu ikasteko unea da, era apalagoan eta zaurgarriagoan, baina baita egiazkoago eta benetakoagan ere.
Bigarren esapidea. Lehenik aitari lur ematera joaten uzteko eskatu dion bati erantzun dio Jesusek: «Utzi hildakoei beren hildakoei lur ematen; zu, zoaz Jainkoaren erregetza hots egitera». Elizan, sarri, zabar bizi ohi gara iraganeko ohiturak eta betebeharrak direla-eta, gaur egun ebanjelio-biziera eragiteko gai ez badira ere. Badira artzainak, «hildakoak hobiratzera emanik bizi direnak, berak ere hildako-edo izango balira bezala». Jesusengana itzultzeko garaia da, gauza guztien gainetik Jainkoaren erregetza bilatzeko ordua. Horrela bakarrik ipiniko gara egiazko jarreran, fedea Jesusek nahi zuen bezala ulertu eta bizitzeko.
Hirugarren esapidea. Beste bati esan zion: «Goldeari eskua ezarri baina atzera begira jarraitzen duena ez da on Jainkoaren erreinurako». Jainkoaren erreinua ezin da hots egin atzera begira jarrita bakarrik. Sormena ito edo ebanjelio-imajinazioa hiltzen denean, berritasun oro arriskutsutzat eman eta erlijio geldo edo estatiko bat sustatzen denean, eragozten ari gara Jesusi biziki jarraitzea. Beste behin, bila aritzeko garaia da «ardo berria zahagi berrietan». Jesusek eskatzen zuena da.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







