IKASI JESUSEZ BIZITZEN
Kristau baten bizitza aldatzen hasten da, konturatzen den egunean ezen Jesus bizitzen irakats diezaiokeen norbait dela. Ebanjelio-kontakizunak ez dira aspertzen Jesus Maisu bezala aurkezteaz. «Jakinduria bakarra» irakats dezakeen norbait. Jakinduria: Nazareteko bere herritarrak hartaraino harritu dituena.
Izatez, Jesusekin topo egin zuten lehenek «dizipulu» izena hartu zuten, ikasle izena, hau da, beren Maisu Jesusengandik ikasteko prest dauden gizon-emakume dira.
Gaur egungo kristauok nork geure buruari galdegin beharra genuke, ea ez ote garen ahaztu kristau izatea, besterik gabe, Jesusengandik «bizitzen ikasten» jarraitzea dela. Harengandik ikasten joatea, zein den erarik gizatarrena, jatorrena eta gozagarriena bizitzari aurre egiteko.
Zenbat ahalegin ez da egiten gaur egun, bizitzan garaitzen ikasteko!: lanbide profesionalean arrakasta lortzeko metodoak, adiskideak lortzeko teknikak, gizarte-harremanetan garaile irteteko arteziak. Baina, non ikasi, besterik gabe, gizatar izaten?
Aski jende-multzo handia dira kristauak, zeinentzat Jesus ez baita, inolaz ere, beraien bizitzaren arnasa-emaile. Ez dira iristen sumatzera zer-nolako erlazioa izan daitekeen Jesusen eta berek egunero bizi dutenaren artean. Txikitatik ezagutzen dutela uste duten pertsonaia bihurtu zaie Jesus, nahiz eta beraietako askorentzat, egiaz, «ezezagun handi» izaten jarraitzen duen. Egiazko izatasunik gabeko Jesus bat, beraien eguneroko bizitza arnasteko gai ez dena.
Eta, halaz guztiz, Jesus horrek, hobeto ezagutuak eta leialago jarraituak, ondo asko eraldatzen ahal luke guztion bizitza. Ez, ordea, urruneko maisu bezala, gizadiari jakinduria miresgarri baten ondarea utzia liokeen maisu bezala, baizik eta bizi den bat bezala, bere izatearen hondo-hondotik beretik gure lagun jarraitzen duena pazientziaz, ulermenez eta samurtasunez.
Bai, geure bizitzako maisu izan dezakegu Jesus. Bizitzen irakats diezaguke, ez beste inor maneiatu edo manipulatzeko, baizik eta besteen zerbitzari izateko. Irakasten ahal digu ezen hobe dela emanez bizitzea, gauzak metatuz baino. Beraren mezua entzunez eta beraren urratsei jarraituz, era solidarioagoan eta egoismo gutxiagokoan bizitzen ikas dezakegu, gehiago arriskatzen ondo eta zuzen den ororen alde, jendea maitatzen berak maite zuen bezala, Aitagan konfiantza izaten bera fidatu ohi zen bezala.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






