IKASI EREITEN JESUSEK BEZALA
Ez zuen izan Jesusek lan erraza bere egitasmoa aurrera eramatea. Berehala topo egin zuen kritikarekin eta ukoarekin. Beraren hitzak ez zuen izan espero zitekeen onarpenik. Beraren jarraitzaile hurbilenekoen artean ere hasiak ziren esnatzen etsipena eta mesfidantza. Pena merezi al zuen lanean jarraitzea Jesusen ondoan? Ez ote zen hura guztia utopia ezinezko bat?
Uste zuena esan zien Jesusek. Ereile baten parabola kontatu zien, lanera eragiten zioten errealismoa eta fede hautsezina ikusarazteko. Biak. Bada, noski, fruiturik gabeko lan bat, alferrik galtzen ahal dena, baina Jainkoaren azken egitasmoa ez da porrotean geldituko. Ez zaio amore eman behar etsipenari. Ereiten jarraitu behar da. Azkenean ikusiko da uzta ugari bat.
Parabola hau entzun zutenek bazekiten bere buruaz ari zela. Horrelakoa zen Jesus. Nonahi ereiten zuen bere hitza, ernetzen ahal zela ikusten zuen edonon. Ontasun- eta erruki-keinuak ereiten zituen, baita gutxiena uste zen lekuan ere: erlijiotik oso urrun zebilen jendeagan ere.
Galileako laborari baten errealismoaz eta konfiantzaz ereiten zuen Jesusek. Denek zekiten ereintza galdu egingo zela leku batean baino gehiagotan hain desberdinak ziren soro haietan. Baina horrek ez zuen etsiarazten inor: hori eta guzti, laborari bakar batek ere ez zion uzten ereiteari. Garrantzizkoa azken uzta zen. Antzeko zerbait gertatzen da Jainkoaren erreinuarekin. Ez da falta trabarik, ezta kontra egiterik ere, baina Jainkoaren indarrak emango du bere fruitua. Zorakeria izango litzateke ereiteari uztea.
Jesusen Elizan ez dugu uzta-biltzaile beharrik. Gure egitekoa ez datza arrakasta uztatzean, kalea konkistatzean, gizartea dominatzean, elizak lepo betetzean, geure fede erlijiosoa ezartzean. Falta zaizkigunak ereileak dira. Jesusen jarraitzaileak, esperantza-hitzak eta gupida-keinuak agerian jarriz ereingo dutenak.
Hau da gaur egun geure artean eragin behar dugun bihotz-berritzea: «uzta biltzearen» obsesiotik «ereitearen» lan pazientziazko eta esperantzazkora igarotzea. Jesusek ondaretzat, uzta-biltzailearena ez, baizik ereilearen parabola utzi zigun.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain