ATSEDEN BERRIZTAILEA
Gozamen da fededun batentzat Jesus batekin topo egitea: gizakiaren premiarik hondokoenak ulertzen dakien harekin. Horregatik bete ohi zaigu arima pozez, bere ikasleei egin dien gonbita entzutean: «Zatozte leku lasai batera atseden pixka bat hartzera»
Gizakiok «jai egin beharra» izaten dugu. Eta gaur, agian, inoiz baino gehiago. Lan-erritmo zorrotz batera beharturik, zeregin eta eginkizun batzuetan lehergarri direnen esklabo, beharrezkoa izaten dugu atseden hori, eguna joan eguna etorri metaturik ditugun tirandura, ahuldura eta neke horietarik askatzen lagunduko digun atseden hori.
Gaur egungo gizakia sarritan iritsi ohi da ekoizkortasunaren esklabo izatera. Nola lurralde sozialistetan hala kapitalistetan, bizitzaren balioa, izatez, ekoiztera, eginkor izatera eta lan-etekin handia izatera murriztu da. H. Cox-en arabera, gaur egungo gizakiak «bere bizi-elementuak ziztu batean pobretzearen bizkar erosi du bere oparotasuna». Egia da ezen guztiok dugula arriskua biziaren azken balioa ahaztekoa, geure burua ekinaren ekinean, lanean eta ekoizpenean murgilduz.
Gizarte industrialak langileago bihurtu gaitu, antolatuago, eginkorrago; bitartean, ordea, jende askok bizi du susmoa ezen bizia tristeki esku artetik ihes egiten ari zaiola. Horregatik, atsedenak ez du izan behar «pausaldi» huts bat, beharrezkoa akitutako geure energiak berreskuratzeko edota metaturiko tiranduretatik liberatuko gaituen «ihes-balbula», betiko lanera indar berriz itzuli ahal izateko.
Atsedenak geure izate guztia berriztatzen lagundu beharko liguke, geure bizitzako izari berriak topatzen lagunduz. Jaiak gogarazi behar liguke bizitza ez dela ahalegina eta lan akigarria bakarrik. Gizakia, izan ere, egina dago gozatzeko ere, jostatzeko ere, adiskidetasunaz gozatzeko ere, otoitz egiteko ere, eskerrak emateko eta adoratzeko ere… Ez genuke ahaztu behar ezen, borroken eta lehien gainetik, denok gaudela deituak, oraintxetik jadanik, anai-arreba bezala gozatzera egun batean behin betikoa izango den jai bat.
Ikasi beharra dugu «oporrak beste era batean egiten». Kontua ez da kosta ala kosta «ondo pasatzearekin» itsutzea, baizik eta xume-xume eta esker onez gozatzea adiskideekin, familiarekin, naturaz, isiltasunaz, jokoaz, musikaz, maitasunaz, edertasunaz, bizikidetasunaz. Kontua ez da geure burua hustea, eroak bezala bizi izandako egun batzuen azalean, baizik eta barne harmonia berreskuratzea, geure bizitzaren erroak gehiago artatzea, geure buruarekin topo egitea, adiskidetasunaz eta jendearen maitasunaz gozatzea, «Jainkoaz gozatzea» kreazio osoa dela medio.
Eta ez dezagun ahaztu gauza inportante bat. Atsedenerako eta jai egiteko eskubidea orduan bakarrik izango dugu: egunero nekatzen bagara guztientzat gizarte gizakoiago eta zoriontsuago bat eraikitzen.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






