BEHARREZKOA ETA PREMIAZKOA
Ikasle-taldea bere bidean aurrera doala, bakarrik sartu da Jesus herrixka batean eta asko maite dituen bi ahizpen etxerantz hartu du. Jesusen aurrean erreakzio desberdinak izan dituzte bi emakume horiek.
Maria –segur aski, bietan gazteena– dena bertan behera utzi eta «Jaunaren oinetan eseri da». Hari entzutea du bere ardura guztia. Benetako ikasleari dagozkion ezaugarriez deskribatu du ebanjelariak Maria: Maisuaren oinetan, hari adi-adi, haren Hitza onartuz eta haren irakaspenaz janarituz.
Bestelakoa izan da Martaren erreakzioa. Jesus iritsi denetik, ekin eta ekin ari da hari harrera ona egin eta behar bezala kasu egiteko. Zeregin askok larriturik deskribatu du Lukasek. Egoerak gaina hartu dio Martari eta, bere ahizparen jarreraz mindurik, honela agertzen dio bere kexua Jesusi: «Jauna, ez al dizu axola ahizpak ni bakarrik utzi izana zerbitzuarekin? Esaiozu lagundu diezadan».
Jesusek ez du galdu horrenbestez bere bakea. Txera handiaz erantzun dio Martari, haren izena errepikatuz; ondoren, ikusarazi dio beretzat ere kezkatzekoa dela haren estutasuna, baina jakin behar duela ezen berari entzutea hain funtsezkoa eta beharrezkoa dela non ikasle bakar bat ere ezin dela utzi bere Hitza gabe: «Marta, Marta, larri eta urduri zabiltza hainbat gauzaren artean; bakarra da beharrezkoa. Alderik onena hautatu du Mariak eta ez dio kenduko inork».
Jesus ez doa Martaren zerbitzuaren aurka. Nola ba? Bera ari baita irakasten guztiei bere etsenpluaz gainerakoei harrera ona, zerbitzua eta laguntza eskainiz bizitzen. Kritikatzen diona lan egiteko era da, hain urduri jardutea, egiteko gehiegiren zamapean.
Jesusek ez ditu kontrajartzen bizitza aktiboa eta kontenplaziokoa, ezta bere hitza leial entzutea eta bera bezala gainerakoei emanik bizitzeko konpromisoa ere. Aitzitik, ekintzaren ekintzapean ito beharrean bizitzearen arriskuaz ohartarazi nahi du, etengabeko barne larridura biziz, norberaren baitan Espiritua itzaliz, bakea eta maitasuna baino gehiago gainerakoei urduritasuna eta estutasuna kutsatuz.
Indarrak gutxituz doazela ikusirik, kristau bihotz-handienei, Eliza barruan eta kanpoan, era guztietako konpromisoak eskatzen ohitzen ari gara. Alabaina, aldi berean, Jesus ezagutzeko, haren Hitza entzuteko eta haren Ebanjelioaz janaritzeko tarteak eta uneak eskaintzen ez badizkiegu, arrisku hau izango dugu: Elizan asaldura eta urduritasuna hazaraztekoa, baina ez Jesusen Espiritua eta bakea. Gerta daiteke, gure elkarteak animatzeko, estutasunak jotako funtzionariok sortuko ditugula, baina ez beren Maisuaren arnasa eta bizia irradiatuko duten testiguak.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain