JESUN BURUARGITASUNA
Ezaugarririk deigarrienetako bat, Jesusen predikuan, agertu duen buruargitasuna da. aberastasunek beren baitan duten indar alienatzailea eta desgizatiartzailea mozorro gabetzeko.
Jesusen ikusmira ez da moralista batena; geure ondasunak nola lortzen eta nola erabiltzen ditugunaz kezkatzen da moralista. Jesusen ikusmira, berriz, beste bat da: aberastasunez gozatuz bizi denaren arriskua Jainko Aita baten semea / alaba eta beste guztien anaia /arreba dela ahaztea.
Horra, hain justu, beraren alerta-deiaren nondikoa: «Ezin izan zarete Jainkoaren eta Diruaren morroi / neskame». Ezin izan gatzaizkio leial guztientzat zuzentasuna, solidaritatea eta ahaidetasuna bilatzen duen Jainko Aitari, aldi berean geure ondasunen eta aberastasunen arduraz biziz.
Diruak ematen ahal dizu botererik, famarik, izen handirik, segurtasunik, ongizaterik… baina, pertsona esklabo bihurtzen duen heinean, itxi egiten dizu Jainkoa Aitatzat hartzeko dohaina; ahantzarazi egin dizu anai-arreba zarelako ustea eta besteekiko solidaritatea haustera eramaten zaitu. Jainkoa ezin izan da errege diruak dominaturik duen pertsonagan.
Sakoneko arrazoia hau da, alegia aberastasunak piztu egiten duela gugan gero eta gehiago eduki nahia. Eta orduan hazi egiten da pertsonagan metatu beharra, kapitalizatu eta geroz gehiago eduki beharra. Jesusek zorakeriatzat eman du Palestinako lurjabe handien bizitza; obsesionaturik bizi dira beren uztak jasotzeko geroz mandio handiagoak egin beharraz. Zorakeria da energiarik eta ahaleginik hoberenak aberastasunak lortzeari eta pilatzeari eskaintzea.
Azkenean, aberatsari Jainkoa hurbildu zaionean beraren bizitza jasotzeko, agerian geldituko da alferrik galdu duela. Haren bizitzak ez du, ez edukirik, ez baliorik. «Zoroa…». «Horixe da aberastasunak metatzen dituena eta Jainkoaren aurrean aberats ez dena».
Egun batean, kristau-pentsamendua argiro konturatuko da ezen gaur egun ez dugula gogoan kontraesan handi hau: kapitalismoa arnasten duen espirituaren eta Jesusek nahi duen egitasmoa arnasten duen espirituaren artekoa. Kontraesan hori ez da konpontzen, ez espiritu kapitalistaz bizi direnen fede-aitorpenaz, ez beren irabaziekin egiten ahal duten ongintzarekin.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






