ERA SANOAGOAN
«Etzan zaitez, jan, edan eta bizi eroso»: ebanjelioko parabolako gizon aberatsaren kontsigna hau ez da berria. Historian barna jende ez gutxiren ideala izan da; gaur egun, ordea, maila handian bizi du jendeak; eta eragin soziala hain estua da non zaila baita biziera soilagoa eta sanoagoa bizitzea.
Denbora asko da gizarte modernoak kontsumoa erakundetu duela: kasik dena bideratzen da produktuez, zerbitzuez eta esperientzia beti berriez gozatzera. Argia da ongizatearen kontsigna: «Bizi zaitez ondo». Publizitateaz eskaintzen zaiguna gaztetasuna da, dotorezia, segurtasuna, naturaltasuna, boterea, ongizatea, zoriona. Kontsumoaz elikatu behar dugu bizitza.
Moda da gaur egungo gizartearen harat honako beste faktore erabakitzaile bat. Beti izan dira herrien historian korronte eta gustu gorabeheratsuak. Gaur egungoaren berritasuna «modaren inperioa» da: gizarte modernoaren gida nagusi bilakatu dena. Jadanik ez da erlijioa, ez ideologia gehiengoaren portaera gidatzen dutena. Modaren publizitatea eta lilura ari dira hartzen Elizaren, familiaren edota eskolaren lekua. Moda da irakasten diguna bizitzen eta unean uneko «premia artifizialak bizitzen.
Bizitzako estilo modernoa markatzen duen beste bereizgarri bat zentzuen lilura da eta azalekoaren zaintza eta ardura. Gorputza, lirain mantentzea, pisua, gimnasia eta osasun-miaketa dira arretaz zaintzekoak; terapiak eta erremedio berriak ikasi behar dira; hurbiletik zaindu behar dira medikuen aholkuak eta sukaldeari dagozkionak. Nor bere buruarekin eta gainerakoekin «ondo sentitzea» bilatu behar da; sexu-arloan trebeki mugitzen ikasi behar da: ezagutu gozamen-era guztiak eta metatu esperientzia berriak.
Okerra izango litzateke gizarte honek eskaintzen dizkigun ahalbide guztiak «satanizatzea», gizakiaren alde guztiak zaintzeko diren ahalbideak, bizitza integrala eta integratzailea garatzeko direnak: okerra, dena txartzat ematea. Baina ez litzateke oker txikiagoa izango edozein modak edo edozein apeuk nahiz tiramenek axolagabeki herrestan eraman gaitzan uztea, bizitza guztia ongizate material huts bihurtuz. Ebanjelioko parabola gonbita dugu: bizitzako aipatu planteamendu honetan datorren zorakeria bilatzera.
Bizitzan asmatu ahal izateko ez da aski ondo pasatzea. Gizakia ez da animalia huts bat, plazeraren eta ongizatearen bila dabilena. Egina dago orobat espiritua lantzeko, adiskidetasuna ezagutzeko, tranzendentea denaren misterioa ere esperimentatzeko, bizia eskertzeko, solidaritatea bizitzeko. Alferrik da gaur egungo gizarteaz lantu egitea. Inporta duena, era burutsuan jardutea da.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






