KONTZIENTZIAN ENTZUN JAINKOAREN AHOTSA
Jesus eztabaidan ari da judu-talde batekin. Une jakin batean garrantzi handiko baieztapen bat egin du: «Ezin etorri da inor nigana Aitak erakartzen ez badu». Eta, geroago, jarraitu du: «Aitak esana entzun eta ikasten duena nigana dator».
Sinesgabetasuna ernetzen hasten da gugan, geure bizitza antolatzen, Jainkoari bizkar emanenez hasten garen unetik. Esatea bezain soila. Jainkoa hor ari da gelditzen, garrantzi gutxiko gauza bailitzan, gure bizitzako txokoren batean ahazturik uzten dena bailitzan. Gauza erraza izaten da orduan Jainkoaz ahazturik bizitzea.
Geure burua fededuntzat ematen dugunok ere galduz goaz Jainkoari entzuteko gaitasuna. Ez da, Jainkoak kontzientziaren hondoan hitz egiten ez duelako. Gertatzen da, zarataz eta auto-askitasunez beterik, ez garela gai beraren presentzia isila geure baitan sumatzeko.
Agian, hau bide da gure tragediarik handiena. Jainkoari «alde hemendik» esaten ari gatzaizkio, alde geure bihotzetik. Uzkur gara beraren deia entzuteko. Ez ikusia egin nahi diogu beraren begirada maiteminduari. Nahiago dugu «beste jainko batzuengana» jo, haiekin era erosoago eta erantzukizun txikiagoan bizitzeko asmoz.
Alabaina, bihotzean Jainkoa gabe, galdurik bezala gelditu gara. Ez dakigu jadanik, ez nondik gatozen, ez norantz goazen. Ez dugu ikusten zer den funtsezkoena eta zer gutxi inporta duena. Nekatzeraino saiatzen gara segurtasun eta bake bila, baina kezkati eta segurtasunik gabe jarraitzen du gure bihotzak.
Ahaztu egin zaigu ezen bakea, egia eta maitasuna orduan iratzartzen direla gure bihotzean: Jainkoari gida gaitzan uzten diogunean. Argi berriz agertu ohi da orduan den-dena. Den-dena era maitagarriagoan eta esperantzazkoagoan ikusten hasten gara.
Vatikano II.a kontzilioak «kontzientzia» eman du gizakiaren «gune sekretuenetakotzat», «sagrariotzat» zeinetan pertsona «Jainkoarekin aurrez aurre» sentitzen baita, barne esparrutzat zeinetan «Jainkoaren ahotsak bere egoitza barnekoienean egiten baitu durundi». Kontzientzia honen hondora jaistea, bihotzaren antsia jatorrenak entzuteko, da biderik lauena Jainkori entzuteko. Barne ahots hori entzuten duena Jesusengana erakarririk sentituko da.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






