KONTUZ DIRUAREKIN
Jesusek oso ikuspegi argia zuen diruaz. Esaldi labur eta sendoaz laburbildu du: «Ezin izan zara Jainkoaren eta Diruaren zerbitzari». Ezin da. Behartsuentzat bizitza duinago eta zuzenagoa nahi duen Jainko hori ezin izan da errege diruak dominaturik bizi den pertsonagan.
Baina Jesus ez da gelditu izaera orokorreko burubide horrekin bakarrik. Bere bizieraz eta hitzez saiatu da irakasten Galileako aberatsei eta herrixketako landa-jende pobreari zein den «altxor-meta» egiteko erarik gizatarrena.
Izatez, Galilean ezin ziren guztiak altxor baten jabe egin. Soilik, Seforis eta Tiberiades hirietako aberatsek metatu ahal zituzten urre eta zilar-monetak. Altxor horri mammona deitzen zioten, hau da, «seguru» dagoen dirua edota «segurtasuna» ematen duena. Herrixketan ez zebilen horren balio handiko monetarik. Landa-jende batzuk brontzezko edo kobrezko moneta batzuez jabetuko ziren, bai, baina gehienak biziraupen-erregimeneko produktuen edo zerbitzuen trukeaz bizi ziren.
Jesusek argitzen du «metatzeko» bi era daudela. Batzuk gero eta mammona gehiago metatzen ahalegintzen dira; ez dituzte izaten buruan beharrean direnak; ez diote ematen inori limosnarik; itsu-itsu, metatu eta metatu ari ohi dira. Bada beste era bat «metatzeko», errotik bestelakoa. Ez datza monetak pilatzean, baizik eta behartsuekin partekatzean «zeruan altxor bat egiteko», hau da, Jainkoaren aurrean.
Altxor hau bakarrik da segurua eta honek bakarrik jarraitzen du osorik Jainkoaren bihotzean. Lurreko altxorrak, mammona seguruenak deitu arren, galkor dira, ez dute segurtasunik ematen, beti egon ohi dira mehatxupean. Horregatik bota du Jesusek bere alerta-oihua. Kontuz diruarekin; izan ere, «zuen altxorra non, han izango duzue bihotza». Diruak gure bihotza erakartzen du eta liluratzen gaitu, boterea, segurtasuna, ohorea eta ongizatea ematen dituelako: beti gehiago eta gehiago eduki nahiaren esklabo biziko gara.
Aitzitik, beharrean direnei laguntzen badiegu aberastuz joango gara Jainkoaren begietan, eta behartsuen Aita eragin eta eragin ariko zaigu bizitza gero eta solidarioago baterantz. Bere bihotza diruari itsatsirik bizi den gizarte batean ere posible da biziera soilago eta partekatuago bat bizitzea.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain