JESUSEN ESPIRITUAK BATAIA GAITZAN UTZI
Ebanjelariak sakon saiatu dira Jesusen bataioa eta Joan Bataiatzailearena desberdintzen. Ez dira nahastu behar: Jesusen bataioa ez datza beraren jarraitzaileak ibai bateko urean murgiltzean. Jesusek Espiritu Santuagan murgiltzen ditu bereak. Joanen ebanjelioak argiro dio. Jesusek bete-betean du berekin Jainkoaren Espiritua; horregatik, bete-betean ematen ahal die bereei Espiritu hori. Jesusen berritasun handia honetan datza: Jesus «Jainkoaren Semea» dela, «Espiritu Santuaz bataia» dezakeena dela.
Jesusen bataio hau ez da azaleko bainu bat, batzuek agian Jordango urean ezagutu dutenaren antzeko bat. «Barneko bainua» da. Metaforak iradokitzen du ezen Jesusek bere Espiritua komunikatu, pertsonaren bihotzean sartzeko, blaitzeko eta eraldatzeko komunikatzen duela.
Espiritu Santu hau «bizi-espiritutzat» hartu dute ebanjelariek. Horregatik, Jesusek bataia gaitzan uzteak beraren Espiritua onartzea esan nahi du, bizi berriaren sorburu bezala. Jesusen Espirituak berarekiko erlazio biziagoa ahalbidetu dezake gugan. Kristau-bizitzaren maila berri batera eraman gaitzake, Jesusekiko leialagoa den kristautasun-etapa berri batera.
Jesusen Espiritua «egiaren Espiritua» da. Berak bataia gaitzan uztea gure kristautasunean egia jartzea da. Ez uztea sasi-segurtasunek engaina gaitzaten. Behin eta berriz berreskuratzea Jesusen jarraitzaile bezala dugun geure nortasun ukaezina. Alde batera uztea ebanjeliotik urruntzen gaituzten bideak.
Jesusen Espiritua «maitasunaren Espiritua» da, libera gaitzakeena gogoan geure probetxua eta geure onginahia bakarrik izanez bizitzeak esan nahi duen koldarkeriatik eta egoismotik. Berak bataia gaitzan uztea geure bihotza irekitzea da maitasun solidario, doako eta gupidatsuari.
Jesusen Espiritua Jainkoaren arabera «bihotz-berritzen gaituen» Espiritua da. Berak bataia gaitzan uzteak, berak astiro eralda gaitzan uztea esan nahi du. Beraren irizpideen harira bizitzea, beraren jarreren, beraren bihotzaren eta sufritzen ari direnekiko berak duen sentiberatasunaren harira bizitzea.
Jesusen Espiritua «eraberritzearen Espiritua» da. Berak bataia gaitzan uztea beraren berritasun kreatzaileak erakar gaitzan uztea da. Berak iratzar dezake Elizan denik eta alderik hoberena, eta berak eman diezaioke «bihotz berri» bat, ebanjelioari leial izateko ahaltasun handiagoa duena.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain