KRISTAUAGO BIHURTU
Fedea al da nik bizi dudan hau?, nola bihurtzen da bat kristauago?, zein urrats egin behar izaten da? Jende bati sarritan entzuten dizkiodan galderak dira: Jesu Kristoganako barne ibilbide bat egin nahi lukeen, baina zein bide hartu ez dakien jende bati. Nork bere deia behar du entzun; halere, guztioi egiten ahal digu on funtsezko gauza batzuk entzuteak.
Jesu Kristogan sinestea ez da hartaz iritzi bat izatea: askotan hitz egin izan didate hartaz, agian zerbait irakurria naiz hartaz; eta erakargarri dut haren nortasuna; badut ideia bat haren mezuaz. Ez da aski. Kristogan sinestea zer denaz esperientzia berri bat izan badut, neure barne mundu osoa behar du mugiarazi horrek.
Oso garrantzizkoa da buruan izatea, Kristo ez dela absente eta urrun dagoen norbait. Garrantzizkoa da ez gelditzea «Betlehemgo Haurrarekin», «Galileako Maisuarekin» edo «Kalbarioko Gurutziltzatuarekin». Garrantzizkoa da ez murriztea Kristo ideia edo kontzeptu batera ere. «Presentzia bizia» da Kristo, gure bizitzan dagoen norbait, zeinekin eguneroko abenturan komunikatu ahal baikara.
Ez uste izan berehalako batean imitatuko duzunik. Aitzitik, hobe duzu beraren barnea era barnekoiagoan ezagutzea. Beraren misterioak lilura zaitzan uztea. Berari hain era gizatiarrean bizitzera eragiten dion Espiritua atzematea. Gizakiari dion maitasunaren indarra sumatzea, biziaz duen suhartasuna, ahula denarekiko duen txera, Jainkoaren salbazioan duen erabateko konfiantza.
Urrats erabakitzailea ebanjelioak irakurtzea izan dezakezu, Jesusen egia zuk zeuk, modu pertsonalean, nola bilatuko. Ez da oso jakintsu izan beharrik beraren mezua ulertzeko. Ez da gaur egungo interpretazio-teknikak dominatu beharrik. Funtsezkoa bizi horren hondora joatea da norberaren esperientzia propiotik. Beraren hitzak bihotzean gordetzea. Bizi-gustua beraren suaz elikatzea.
Ebanjelioa irakurtzea ez da zehazki bizitzarako «errezetak» topatzea. Esperimentatzea da, bera bezala bizirik, zeu ere bizi zintezkeela beste era batean, barnez aske eta alai. Lehen kristauak ideia honekin bizi ziren: kristau izatea «Kristoz janztea» dela, norberaren baitan beraren bizitza berregitea. Hau da funtsezkoa. Horregatik, bi ikaslek Jesusi galdetu diotenean: «Maisu, non bizi zara?», zer da zuretzat bizitzea?, alegia, erantzun die berak: «Etorri eta ikusiko duzue».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain