BIZITZEN IKASI
Joan ebanjelariak ardura berezia izan du Jesusen jarraitzaileen talde koxkorra nola hasi zen adierazteko. Dena ustekabean gertatu dela dirudi. Han zihoan Jesusez ohartu da Bataiatzailea eta hari jarraitzeko diotse bere ikasleei: «Hau da Jainkoaren Bildotsa».
Segur aski, ezer gutxi ulertu dute ikasleek, baina «Jesusi jarraitzen» hasi dira. Alditxo batez, isilik doaz. Ez dute artean harekin benetako harremanik izan. Ezezagun bati jarraitzen diote, eta ez dakite zehatz, ez zergatik, ez zertako.
Jesusek eten du isiltasuna, galdera batez: «Zeren bila zabiltzate?» Zer espero duzue nigandik? Nik daramadan norabidea hartu nahi al duzu, bizitzeko? Ondo argitu beharreko gauzak dira. Ikasleek diotse: «Maisu, non bizi zara?» Zein da zure bizitzaren ezkutukia? Zer da zuretzat bizitzea? Itxuraz, ez dabiltza doktrina berri baten bila. Bizitzeko era desberdin bat nahi dute ikasi Jesusengandik. Hura bezala bizi nahi dute.
Zuzenean erantzun die Jesusen: «Etorri eta ikusiko duzue». Egin zeuek esperientzia. Ez ibili kanpotiko informazio bila. Etorri nirekin bizitzera eta ikusiko duzue nola bizi naizen, nondik nora orientatzen dudan neure bizia, zeinez arduratzen naizen, zergatik naizen bizi horrela.
Horra gaur beharrezkoa dugun urrats erabakitzailea, kristautasunaren historian aro berri bati hasiera emateko. Milioika lagunek dio kristaua dela, baina ez dute esperimentatu zinezko harremanik Jesusekin. Ez dakite nola bizi zen, ez dute haren egitasmoaren berririk. Ez dute ikasi hartaz ezer berezirik.
Bitartean, gure elizetan ez dugu gaitasunik fededun berriak sortzeko. Gure hitza ez da jada, ez erakarle, ez sinesgarri. Itxuraz, kristautasuna, guk hartzen eta bizi dugun moduan, gero eta gutxiago zaio axola jendeari. Norbait hurbilduko balitzaigu galdezka «non bizi zara?», «zer du interesgarririk zure bizitzak», zer erantzungo genioke?
Premia handikoa da kristauak talde txikitan elkartzea, elkarrekin ebanjelioa entzunez Jesus nola bizi zen ikasteko. Gu guztiok baino erakarleago eta sinesgarriago da hura. Jarraitzaile berriak sorraraz ditzake hark, era desberdinean eta interesgarrian bizitzen irakasten baitu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain