ARDO ONA
Jesus beti kristautasunaren fundatzailetzat eman izan da. Gaur, ordea, beste jarrera bat hasi da urratzen: Jesus guztiena da, eta ez kristauena bakarrik. Haren bizia eta mezua gizadiaren ondare dira.
Inork ez du izan mendebaldean hark adinako ahalmenik gizakiaren bihotzean. Inork ez ditu adierazi hark baino hobeto gizakiaren kezkak eta galderak. Inork ez du iratzarri hark adinako esperantzarik. Inork ez du komunikatu hark adinako esperientzia osasungarririk Jainkoaz, honengan handinahia, beldurra eta mamuak proiektatu gabe. Inor ez da hurbildu giza oinazera era sakonagoan eta bihozkoiagoan. Inork ez du urratu esperantza irmoagorik heriotzaren eta giza finitutasunaren aurrean.
Bi mila urtek bereizten gaituzte Jesusengandik, baina haren nortasunak eta mezuak jende asko jarraitzen dute erakartzen. Egia esateko, ingurumari batzuetan ez du zaletasun handirik eragiten, baina egia da orobat denboraren joanak ez duela itzali haren indar liluratzailea, ezta moteldu ere haren hitzaren oihartzuna.
Gaur egun, ideologiek eta erlijioek krisialdi sakona bizi duten honetan, Jesusen irudiak ihes egin dio doktrina orori eta gainditu egiten du erlijio oro, gaur egungo gizon-emakumeei gonbita egiteko biziera duinago, zoriontsuago eta itxaropentsuago baterantz.
Lehen kristauek bizi berri baten iturburutzat hartu eta bizi zuten Jesus. Harengandik hartzen zuten hats desberdin bat bizitzeko. Hura gabe, dena bihurtzen zitzaien berriro lehor, agor, itzalitako. Joan ebanjelariak Kanako ezteien pasadizoa idatzi du, Jesus era sinbolikoan agertzeko «ardo onaren» eroaletzat, espiritua biziberritzeko gaitzat.
Jesus izan daiteke gaur ere gizadi berriaren legamia. Haren bizia, haren mezua eta haren nortasuna gonbita dira bizi osasungarri baten forma berriak asmatzen saiatzeko. Bide gizatiarragoak arnastu ditzake hark, ongizatearen bila espiritua itoz eta gupida akabatuz dabilen gizartean. Iratzar dezake hark bizi gizatiarrago baten gustua barnetasunik bizi ez duten, maitasunez pobre eta esperantza beharrean diren, pertsonengan.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






