FEDEZ, KONFIANTZAZ ESKATU
Eskari-otoitza kritika gogorren jo puntu bihurtu da urte hauetan. Aro modernoko gizaki ilustratuak ez du asmatzen Jainkoaren aurrean erregu-jarreran jartzen; izan ere, badaki Jainkoak ez duela aldatuko gertaeren berezko joan-etorria gure gurari edo nahiari kasu egiteko.
Natura «makina bat» da, berezko lege batzuen harira dabil; gizakia, berriz, da izaki bakarra bere eskuaz munduaren eta historiaren gain jardun dezakeena eta beraiek eralda ditzakeena, hein batean bakarrik.
Hartara, eskari-otoitza bazterturik gelditzen da, beste otoitz-mota batzuei –laudoriozko, esker onezko edo adoraziozko-, pentsamendu modernoarekin hobeto harmonizatzen direnei, leku emateko.
Beste batzuetan, sorkariak Kreatzaileari egindako erreguaren ordez meditazioa jartzen da, edota arima Jainkoagan, existentziaren azken misterio eta bizi ororen sorburu den horrengan, murgiltzea jartzen da.
Alabaina, erregu-otoitza, ezartzen ahal zaizkion oker ulertuengatik hain eztabaidatua bada ere, erabakitzailea da Jainkoaren aurrean geure sorkari-menpetasuna fedez adierazi eta bizitzeko.
Ez da harritzekoa Jesusek berak emakume xume baten fede handia laudatu izana, laguntza era errepikakorrean eskatzen baitaki. Jainkoari edozein egoeratatik dei egin dakioke. Zoriontasunetik eta ezbeharretik, ongizatetik eta sufrimendutik.
Bere eskaria Jainkoari egiten dion gizonezkoa edo emakumea ez zaio mintzo bere sorkarien sufrimendua era apatiko edo axolagabean ikusten duen izaki bati, baizik eta bere gordelekutik irten eta erregutzen diotenei bere hurbiltasuna agertzen ahal dien Jainko bati.
Hori baita kontua. Eta ez Jainkoaz baliatzea geure asmoak lortzeko, baizik eta egoera hartan Jainkoaren hurbiltasuna bilatu eta berari eskatzea. Eta Jainkoaren hurbiltasunaren esperientzia ez datza lehenik eta behin gure gogoa betetzean.
Fededunak era askotan senti lezake Jainkoaren hurbiltasuna, gure problema nola askatu edo konpondu aparte utzirik. Har dezagun gogoan San Agustinen oharpen jakintsua: «Jainkoak entzuten du zure deia beraren bila bazabiltza. Ez dizu entzungo, bera tarteko dela, beste zerbaiten bila bazabiltza».
Ez da oraingo hau behin betiko betetzearen aldia. Gaitza ez dago garaitua erabat eta guztiz. Otoitz-egileak kontraesana esperimentatzen du jasaten ari den zoritxarraren eta Jainkoak hitzemandako behin betiko salbazioaren artean. Horregatik, Jainkoari egindako erregu eta eskari zehatz oro bildurik gelditzen da Jesusek berak irakatsi zigun erregu handi honetan: «Etor bedi zure erreinua», behin betiko salbazioaren eta behin betiko biziaren erreinua.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain