JESUSEZ DUGUN IRUDIA
Jesusen galderak: «Eta zuek, nor naizela diozue?», fededunei erantzun bat eskatzen jarraitzen du, gaur oraino. Ez dugu guztiok irudi bat bera Jesusez. Eta hau ez bakarrik beraren nortasunaren izaera agorrezina delako, baizik eta, batez ere, Jesusez nork bere irudia eginez joaten garelako geure interesak eta kezkak tartean direlarik, nor bere psikologia pertsonalak eta bizi den ingurumen sozialak baldintzatzen dutelarik, eta hartu dugun formazio erlijiosoak markatuak garelarik.
Eta, halere, bakoitzak izan dezakegun Kristoren irudiak garrantzi erabakitzailea du gure bizitzarako; izan ere, baldintzatu egiten du fedea ulertzeko eta bizitzeko era. Jesusen irudi pobretu, alde bakarreko, partzial eta faltsu batek fedearen bizipen pobretu, alde bakarreko, partzial edo faltsura gidatuko gaitu. Horra zergatik den garrantzizkoa Jesusez dugun geure ikuspegitik balizko desitxuratzeak saihestea eta berarekiko gure atxikipena garbiagotzea.
Bestalde, ilusio hutsa da pentsatzea Jesu Kristogan hazten ari zarela dogma bat «sinesten duzulako» edota prest zaudela sinesteko «Ama Eliza santuak sinesten duena». Zinez, fededun bakoitzak norberak sinesten duena sinesten du, hau da, Jesu Kristori egindako jarraipenean pertsonalki aurkituz doana, nahiz eta, jakina, kristau-elkartearen barnean egin.
Tamalez, aski dira kristauak beren erlijioa ulertzeko eta bizitzeko modua dela medio, Kristorekin pertsonalki topo egitea zer den, esperientzia pixka bat bizia izanik, sekula jakingo ez dutenak.
Beren bizitzako jada garai aski goiztiarrean, egina dute jadanik haur-ideia bat Jesusez; artean ez zituzten planteatuak, aski argiro, Kristok beraien arazoei eta galderei ematen ahal zizkien erantzunak.
Geroago, berriz, ez dira iritsi Jesu Kristori buruzko fedea birpentsatzera, dela beren bizitzarako zerbait arruntzat eta garrantzirik gabekotzat hartu dutelako, dela aski serios eta zorrotz aztertzen ausartzen ez direlako, dela konforme daudelako era axolagabean eta apatikoan hartzearekin, beraien izatean inolako oihartzunik ez duelarik.
Zoritxarrez ez dute susmatzen beraien bizitzan Jesus zer izan litekeen. Marcel Légaut-ek esaldi gogor baina agian aski egiazko hau idatzi zuen: «Kristau horiek ez dakite Jesus zein den. eta eginak daude, beraien erlijioa bera dela medio, inoiz ere ez aurkitzera».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain