NORENGANA JOAN GAITEZKE?
Jesusengana hurbiltzen denak sarritan uste izaten du era harrigarrian topo egiten duela egun-egungoa den norbaitekin: egun-egungo eta gure egungo problemetan gure garaikideetako asko baino presenteago dagoen norbaitekin.
Badira gaur oraino zirrara eragiten diguten Jesusen keinu eta hitzak, gure problemen eta bizi-kezken kirioa ukitzen dutelako. Denborarekin eta ideologien aldaketarekin bazter gelditzeari aurre egin dioten keinu eta hitzak dira. Bizi izan dituzten mendeek ez dizkiete moteldu beren baitan dituzten indarra eta bizitasuna, aditasun txikienaz eta bihotza egiaz irekirik erreparatzen badiegu.
Alabaina, hogei mendetan barna hauts asko joan da pilatuz, ezinbestean, Jesusen gainean, beraren jardueraren eta beraren mezuaren gainean. Kristautasun batek, asmo onenaz eta zaletasun bero eta beneragarriz beterik jokatuz bazen ere, eragotzi egin izan dio batzuetan kristau xume askori bizi-freskotasuna eta bizitasuna agertu zituen Norbait harekin topo egitea: prostituituei barkatzen, haurrak besarkatzen, adiskideekin negar egiten, esperantza kutsatzen eta jendea Jainkoaren seme-alaben maitasuna aske eta libre bizitzera gonbidatzen zuen harekin, alegia.
Zenbat gizonezkok eta emakumek entzun behar izan dituen asmo oneko moralisten zorrozkeriak eta predikari adituen azalpenak, Jesusekin topo egitea inolaz ere lortu gabe.
Horrenbestez, ez ginateke harritu behar Jean Onimus idazle frantsesaren hitz hauek entzutean: «Zergatik izan behar duzu zuk [Jauna] predikarien, doktoreen eta aditu batzuen jabetza pribatu, hain gauza xumeak, hain zuzenekoak, esan dituzun horrek, hitz izanik ere bizi-hitz direnak gizon-emakume guztientzat?».
Azken urte hauetan Elizatik urrunduz joan diren kristau askok ebanjelioak zuzenean ezagutuko balitu, berriro sentituko luke behin batean Pedrok esandako hura: «Jauna, norengana joango gara? Zuk dituzu betiko bizirako hitzak. Guk sinesten dugu».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain