ZUEK ERE ALDE EGIN NAHI AL DUZUE?
Bizi garen mundu hau ezin eman dugu jadanik kristautzat. Belaunaldi berriek ez dute onartzen hain erraz lehenago gurasoengandik seme-alabetara, aginpidez, eskualdatu ohi zen bizi-ikusmoldea. Kultura modernoan nagusi diren ideiak eta jarraibideak oso urrun daude kristau-inspiraziotik. Aro «postkristauan» bizi gara.
Honek esan nahi du, fedea ez dela jadanik «zerbait begi-bistako eta berezko». Kristautasuna begi kritiko gero eta zorrotzago batzuen azterketapean dago. Jende asko da testuinguru honetan duda-mudak jota sentitzen dena, eta aski jende, momentuko joerari amore emanik, dena bertan behera uzten duena.
Fede bat, erasoa hainbat frontetatik jasaten duena, ezin bizi da duela urte batzuk bezala. Fededunari ez diote balio sostengutzat jadanik ingurumariko kulturak eta erakundeek. Fedea, gero eta gehiago, norberaren erabaki pertsonalaren baitan egongo da. Jesu Kristo onartu eta berari jarraitzeko erabaki kontzientea hartuko duena izango da kristau. Hau da datua, agian erabakitzaileena, Europak gaur egun bizi duen une erlijiosoan: jaiotzetiko kristautasunetik erabakitzetiko kristautasunera igarotzen ari gara.
Alabaina, pertsonak, beti, esperientzia-motaren batean sostengatu beharra du, hain garrantzizkoa den erabaki bat hartzeko. Esperientzia jatortasunaren edo benetakotasunaren irizpide-edo bihurtzen ari da, eta oinarrizko faktore, norberaren bizitzaren norabidea erabakitzeko orduan. Honek esan nahi du ezen, gerora, esperientzia erlijiosoa gero eta garrantzizkoagoa izango dela fedea oinarritzeko. Fededun, Jainkoak on egiten diola eta Jesu Kristok bizitzen laguntzen diola esperimentatzen duen hura izango da fededun
Joanen ebanjelioko gaurko kontakizuna inoiz baino esanguratsuago gertatzen zaigu. Une jakin batean, Jesusen ikasleetako askok duda-muda izan dute eta atzera jo. Orduan Jesusek diotse Hamabiei: «Zuek ere alde egin nahi al duzue?». Simon Pedrok erantzun dio guztien izenean oinarrizko esperientzia batetik: «Jauna, norengana joango gara? Zuk betiko bizitzarako hitzak dituzu. Guk sinesten ditugu». Gaur egun jende asko tarteko egoera batean bizi da, kristautasun tradizionalaren eta deskristautze-prozesu baten artean. Ez da on anbiguotasun batean bizitzea. Ezinbestekoa da norberaren esperientzian oinarritutako erabakia hartzea. Eta zuk, alde egin nahi al duzu zuk ere?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain