ISOLAMENDUTIK IRTEN
Bakardadea gure gizarteko izurrite handienetako bat bilakatu da. Gizadiak zubiak eta autopistak eraikitzen dihardu, lasterrago komunikatzeko. Sateliteak aireratzen ditu, kontinente artean era guztietako uhinak eskualdatzeko. Telefonia mugikorra eta Internet bidezko komunikazioa garatzen dira. Baina jende asko gero eta bakarrago bizi da.
Giza harremanak hoztu dira gure gizarteko eremu askotan. Jendeak ez du sentitzen, kasik, besteekiko erantzukizuna duela berak. Nor bere munduan trikuturik bizi da. Ez da batere erraza benetako adiskidetasun bat erregalu hartzea.
Bada jenderik gaitasuna galdu duenik, topaketa bero, bihozkoi, benetako batera iristeko. Ez da jadanik gai inori egiazko harrera egiteko eta benetako maitasuna azaltzeko, eta ez du sentitzen bera inork ulertzen eta maite duenik. Egunero jende askorekin erlazionatzen da, baina ez du inorekin egiaz topo egiten. Bihotza blokeaturik bizi den jendea da. Jainkoari barnea itxirik eta, orobat, gainerakoei barnea itxirik.
Ebanjelioaren kontakizunaren arabera, gormutuari, bere gaixotasunetik irten nahi badu, parte hartzeko eskatu dio Jesusek: «Ireki zaitez». Ez ote da hau guk ere gaur egun entzun beharreko gonbita, gure bihotza isolamendutik ateratzeko?
Zalantzarik gabe, komunikazio-falta honen kausak oso askotarikoak dira, baina, sarritan, gure bekatua du erro edo sustrai. Era egoistan jokatzen dugunean, besteengandik urrundu egiten gara, bizitzatik apartatu eta geure baitan trikutu. Nork bere askatasuna eta beregaintasuna defendatu nahiz, gero eta bakarrago bizi behar izateko arriskuan erortzen gara.
Dudarik gabe, gauza ona da komunikazio-teknika berriak ikastea, baina, beste ezer baino lehenago, adiskidetasunari eta benetako maitasunari bidea ireki behar diogu. Egoismoa, mesfidantza eta solidaritate-eza ere bata besteagandik apartatzen eta urruntzen gaituzten jarrera eta jokabide ditugu. Horregatik, maitasunera aldatzea ezinbesteko bidea dugu bakardadeari ihes egiteko. Bere bihotza Aita eta anai-arrebak maitatzera irekitzen duena ez dago bakarrik. Era solidarioan bizi da.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain