JARRAITZAILE BURUARGI
Oker handia da Jesusen «ikasle» garela uste izatea hausnartzera gelditu gabe zer eskakizun zehatz dituen haren urratsei jarraitzeak eta zein indar ditugun hartarako. Ez zuen pentsatu sekula Jesusek jarraitzaile axolagaberik izango zuenik; pertsona buruargi eta erantzukizundunak zituen gogoan.
Oso zehatzak dira Jesusek darabiltzan irudi biak. Inork ez dio ekiten «dorre bat eraikitzeari» aurrez nola jokatu aztertu gabe hura errematatzeko. Porrota izango litzateke «eraikitzen» hasi eta hasitako obra ez bukatzea.
Jesusek proposatu duen Ebanjelioa, bizitza «eraikitzeko» era bat da. Handinahiko egitasmoa, gure bizitza eraldatzeko modukoa. Horregatik, ezinezkoa da Ebanjelioaren arabera bizitzea, hausnartzeko geldialdi bat egin gabe une bakoitzean hartu beharreko erabakiez.
Argia da bigarren adibidea ere. Inork ez dio aurre egiten era axolagabean gudaroste boteretsuago batekin erasoan datorkionari, aurrez hausnartu gabe guda hark garaipena ekarriko ote dion ala hondamena izango ote den. Jesusi jarraitzea aurre egitea da Jainkoaren erreinuaren eta honen zuzentasunaren etsaiei. Ezin egin da borroka nolanahi Jainkoaren erreinuaren alde. Beharrezkoak dira buruargitasuna, erantzukizuna eta erabakia.
Gauza bera errepikatzen da adibide bietan: pertsonaia biak «esertzen dira» gogoeta egiteko eskakizunei eta arriskuei buruz eta bere egitekoa gauzatzeko eskura dituen indarrei buruz. Jesusen arabera, beraren jarraitzaileek beharrezko izango dituzte meditazioa, eztabaida, gogoeta. Bestela, hasitako kristau-egitasmoa geldi daiteke bukatzeke.
Oker bat da Jesusen Elizan elkarrizketa itotzea eta debatea eragoztea. Inoiz baino beharrezkoago dugu elkarrekin deliberatzea beraren jarraitzaileok bizi behar dugun konbertsioaz. «Esertzea» gogoeta egiteko zer indar behar ditugun egungo gizartean Jainkoaren erreinua eraikitzeko. Bestela, gure ebanjelizazioa «dorre bukatu gabea» izango da.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain