SASIJAINKO PRIBATUAK
Bada Jesusengana hurbiltzen denari eskandalagarri eta jasanezineko gertatzen zaion zerbait, gizarte modernoan bizi ohi den buruaskitasun-girotik etorria. Jesus erradikala da berari atxikitzea eskatzen duenean. Ikasleek den-dena ipini behar dute berari baldintzarik gabeko jarraitzearen mendeko.
Ez da «ebanjelio-aholku» bat, kristau hautatu batzuen taldearentzat bakarrik edota jarraitzaile gogotsu batzuen eliteari egina. Ikasle izateko ezinbesteko baldintza da. Argiak eta biribilak dira Jesusen hitzak. «Bere ondasun guztiei uko egiten ez diona ezin izan da nire ikasle».
Guztiok sentitu ohi dugu geure izatearen hondoenean askatasun-guraria. Eta, halaz guztiz, bada esperientzia bat belaunez belaun ezartzen ari dena: ematen du gizakia «sasijainkoen esklabo» izateko egina dela. Gu geurez aski izateko gai ez garelarik, bila igarotzen dugu bizitza: gure amets eta gurari oinarrizkoenei erantzungo dien zerbaiten bila.
Bakoitza «jainko» baten bila ibiltzen gara bizitzeko, inkontzienteki geure bizitzako funts bihurtzen dugun zerbaiten bila: dominatuko gaituen zerbait eta gutaz nagusituko den zerbait da bilatzen dugun hori. Libre eta autonomo bizi nahi izaten dugu; baina, itxuraz, ezin bizi gara geure burua «sasijainko» bati eman gabe, geure bizitza guztia xedatuko duen bati eman gabe.
Sasijainko hauek oso askotarikoak dira: dirua, arrakasta, boterea, fama, sexua, lasaitasuna, zoriontasuna ororen gainetik… Norberak daki bere «sasijainko» pribatuaren izena, ezkutuan bere burua ematen dion harena. Horregatik, «askatasun xalo» baten keinu batez «gogoak ematen digulako» zerbait egiten dugunean, galdetu beharko genuke, zer den une hartan dominatzen gaituena eta nori ari garen benetan obeditzen.
Jesusen gonbita zirikatzailea da. Soilik bide bat dago askatasunez hazten joateko, eta, Aitaren egitasmoan partaide izanez, Jesusi ausardiaz eta baldintzarik gabe jarraitzen diotenek bakarrik ezagutzen dute: guztientzat mundu zuzenago eta duinago bat eraikitzen, alegia.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







