BARKATU BETI
Mateo kezkaturik ageri da Jesusen jarraitzaileen elkarteetan sor daitezkeen gatazkak, eztabaidak eta aurkaritzak zuzentzeari dagokionez. Beraren ebanjelioan esaten denez, «gehienen karitatea epeltzen ari den» (Mateo 24,12) momentuan ari da idazten, segur aski, bere ebanjelioa.
Horregatik, xehetasun askoz idatzi du nola jokatu behar den elkartetik gaitza erauzteko, beti ere pertsonak errespetatuz, beste ezer baino lehen «zuzentasuna bakarka» bilatuz, elkarrizketara joz «lekukoekin», «elkarteari» parte hartzera eraginez edota Jesusen jarraitzaileei kalte egiten ahal dietenengandik urrunduz.
Hori guztia beharrezkoa izan daiteke, baina nola jardun behar du zehazki iraina jaso duen pertsonak?, zer egin behar du Jesusen ikasleak, beronen urratsei jarraitu nahi badie eta beronekin lankide izan nahi badu Jainkoaren erreinuari, guztientzako errukiaren eta zuzentasunaren erreinuari, bideak urratzen?
Mateok ezin ahaztu zitzakeen Jesusen hitz batzuk, berea baino lehenagoko ebanjelio batean jasoak zirenak. Ez ziren ulerterrazak, baina Jesusek bihotzean zuena islatzen zuten. Hogei mende iraganak badira ere, beraren jarraitzaileok ezin urardotu dugu beraien edukia.
Pedro Jesusi hurbildu zaio. Beste batzuetan bezala, jarraitzaileen taldearen ordezko bezala dihardu: «Anaiak iraintzen banau, zenbat aldiz barkatu behar diot?, zazpi aldiz?». Galdera ez da zekena, baizik eta oso-oso eskuzabala. Entzunak ditu Jesusen parabolak Jainkoaren errukiari dagozkionak. Ezaguna du Jesusen gaitasuna ulertzeko, desenkusatzeko eta barkatzeko. Bera ere prest dago «askotan» barkatzeko, baina ez al da mugarik?
Biribila da Jesusen erantzuna: «Ez diotsut zazpi aldiz, baizik eta hirurogeita hamar aldiz zazpitan»: beti bakartu behar diozu, baldintzarik gabe. Mendetan barna, mila modutan urardotu nahi izan da Jesusek esandakoa: «beti barkatzea, kaltegarria da»; «laineza ematen dio iraintzaileari»; «lehenik eta behin damua eskatu behar zaio». Honek guztiak arrazoizkoa dirudi, baina ezkutatu eta desitxuratu egiten du Jesusek pentsatzen eta bizi zuena.
Beragana itzuli beharra dugu. Beraren Elizan berak bezala barkatzeko prest dauden gizon-emakumeak falta dira, gure artean txertatzeko beraren barkazio-keinua beronen doakotasun eta handitasun betean. Horrek du distirarazten erarik handienean Elizan Kristoren aurpegia.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain