ZER EKARPEN EDO ONURA EGIN DIEZAGUKE JESUSEK?
«Eta zuek, nor naizela diozue?». Ez dakit zehazki, nola erantzungo lioketen Jesusen galdera honi gaur egungo kristauek; halere, agian, suma dezakegu, hein batean, zer izan daitekeen Jesus guretzat une hauetan, berarekin sakonkiago eta egiazkiago topo egitea lortzen badugu.
Jesusek laguntzen ahal digu, beste ezer baino lehenago, geure burua hobeto ezagutzen. Beraren ebanjelioak pentsarazi egiten digu eta bizitzako galderarik muinezkoenak eta erabakitzaileenak egitera behartzen. Bizitza sentitzeko eta bizitzeko duen beraren modua, giza sufrimenaren aurrean erreakzionatzeko duen modua, biziaren adiskide den Jainkoagan duen beraren konfiantza suntsiezina: horra giza historiak eman duen gauzarik hobena.
Jesusek, batez ere, erakusten ahal digu bizitzeko era berri bat. Beragana hurbiltzen dena, doktrina berri baten bidez erakarria baino gehiago, beste era batean bizitzera gonbidatua sentituko da, egian sustraituagoan eta zeruertz duinagoa eta esperantzazkoagoa duela.
Jesusek askatzen ahal gaitu, orobat, erlijioa era ez oso sanoan bizitzetik: fanatismo itsua dela, desbideratze lege-ontzi izatea dela, beldur egoista dela. Tarteka dezake, batez ere, gure bizitzan bizi-poza bezalako gauza garrantzizko bat duen, jendearekiko begirada gupidatsua duen, maitatuz bizi den baten sormena.
Jesusek aterarazten ahal gaitu Jainkoaz ditugun irudi gaixotietatik, gugan duten ondorio kaltegarriei erreparatu gabe geure baitan txoko esanguratsuegia eman izan diegunetatik. Irakasten ahal digu Jainkoa presentzia hurbileko eta adiskidetsu bezala bizitzen, bera bizi- eta txera-iturburu agortezin izango dugularik. Berak gida gaitzan uzteak Jainko desberdin batekin topo egitera eramango gaitu, gure teoria guztiak baino handiagoa eta gizatarragoa den batekin.
Hori bai. Jesusekin maila apur bat benetakoan topo egin ahal izateko, ausartu beharra dugu geldotasuna eta mugigaiztasuna alde batera uztera, barne askatasuna berreskuratzera eta «berriro jaiotzeko» prest egotera, atzera utzirik erlijio konbentzional bat, ohikeriaz eta era aspergarrian bete behar izatea.
Badakit Jesus jende ez gutxiren sendatzaile eta askatzaile izan daitekeela: axolagabekeriak harrapaturik, bizitza modernoak zabarturik, erlijio huts batek zurrundurik edota ongizate materialak liluraturik, biderik gabe, egiarik gabe, bizi gabe bizi den jendeaz ari naiz.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain