PARABOLA BAT GAUR GAURKOA
Beste inongo parabolatan ez gaitu sarrarazi nahi izan Jesusek Jainkoaren misterioan eta giza izatearen misterioan gaurko honetan bezain sakon. Besterik ez da guretzat «Aita onaren» parabola hau bezain gaurko.
Seme gazteenak diotso aitari: «emadazu dagokidan ondare-zatia». Eskari hori egitean, aitaren heriotza ari da eskatzen hein batean. Libre izan nahi du, loturak eten nahi ditu. Ez du izango zorionik aita galdurik ikusi arte. Aitak amore eman du, hitzik esan gabe: libreki hautatu behar du semeak bere bidea.
Ez ote da hau gaur egungo egoera? Jende askok nahi du Jainkoari buruz libre izan, zoriontsu izan Aitaren presentzia begi-bistan izan gabe. Jainkoa ezkutarazi egin nahi da gizartetik eta jendearen bihotzetik. Eta, parabola horretan bezala, Aita isilik dago. Jainkoak ez du inor behartzen.
Semea «urruneko lurralde batera» doa. Beste lurralde batean bizi nahi du, aitagandik eta familiagandik urrun. Eta alde egiten dakusa aitak, baina ez du utzi nahi semea bertan behera; aitaren bihotza bidelagun izango du semeak; goizero egongo da aita haren zain. Gaur egungo gizartea gero eta urrunago doa Jainkoagandik, haren agintetik, hartaz oroitzetik… Eta ez ote dugu Jainkoa bidelagun, gu hura begi-bistatik galdu nahian gabiltzala?
Handik laster «galdukeriari» lotuko zaio semea. Jatorrizko hitzak galdukeria moralaz gain biziera osasun gabea, zoroa, kaotikoa iradokitzen du. Denbora gutxira, haren abentura drama bilakatzen hasiko da. «Izugarrizko gosea» sortu da eta, gizon arrotz baten esklabo, txerriak zaintze aldera lortu du bizitzea. Bizi duen tragedia adierazten dute haren hitzek: «Ni hemen goseak hiltzen!».
Barne hutsunea eta maitasun-gosea dirateke Jainkoagandik urrun bizitzearen gure lehen zantzuak. Ez da gauza erraza askatasunaren bidea. Zer falta zaigu? Zerk bete lezake gure bihotza? Kasik dena dugu geure esku, nolatan sentitzen dugu halako gosea?
Gaztea «bere baitara itzuli zen» eta, bere hutsuneaz gogoeta eginez, aitaren aurpegiaz gogoratu zen, hura ogi-ugaritasunarekin lotuz: aitaren etxean «badute ogia» eta «ni goseak hiltzen». Barnean beste askatasun baten gogoa erne zaio, aitaren ondokoa. Bere okerra aitortu du eta erabakia hartu: «Bideari ekin eta aitagana itzuliko naiz».
Jainko geure Aitaganako bidea hartuko ote dugu? Askok hartuko luke bidea Jainko hori ezagutuko balu, Jesusen parabola honen arabera «semeari bidera korrika atera zaiona, besarkatu eta zoratzear musuka hasi zaiona» den Jainko hori ezagutuko balu. Besarkatze eta musu emate horiek teologia guztia baino argiago mintzo dira. Jainko horren ondoan askatasun duinagoa eta zoriontsuagoa izango genuke.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain