BARKATUZ BIZI
Egundoko gauzak esaten entzun diote ikasleek Jesusi: etsaiak maitatzeaz, pertsegitzaileentzat Aitari otoitz egiteaz, kalte egiten dietenei barkatzeaz. Dudarik gabe, mezu miresgarria iruditu zaie hori guztia, baina errealismo eskasekoa eta oso problematikoa.
Pedro, oraingoan, planteamendu praktikoago eta zehatzago batekin hurbildu zaio Jesusi: adieraz diezaiela nola konpondu beren artean sortzen zaizkien arazoak: errezeloak, bekaizkeriak, aurkaritzak eta gatazkak. Nola jokatu behar dute beraren jarraitzaile diren familia haietan? Zehazki: «Zenbat aldiz barkatu behar diot iraintzen nauen anaiari edo arrebari?».
Jesusek erantzun aurretik, Pedro odolberoak aurrea hartu dio, bere iradokizuna eginez: «Zazpi alditaraino?». Proposapen hori juduen gizartean arnasten den justizia zorrotzeko giroa baino bihotz-zabaltasun handiagokoa da. Rabinoen eta esenioen beraien artean praktikatzen dena baino harago doa: hauek gehienera lau aldiz barkatzeko irakasten dute.
Halaz guztiz, Pedrok juduen kasuistikan mugituz jarraitzen du; hauen artean, barkazioa konponketa adiskidetsu eta araututzat hartzen da, talde bereko direnen artean bizikidetasuna bermatzeko. Jesusen erantzunak beste ildo batean jartzea eskatzen du. Barkatzean ez da mugarik: «Ez diotsut zazpi alditaraino, baizik eta hirurogeita hamar aldiz zazpi alditaraino». Ez du zentzurik barkazio-kopuruaren kontua eramateak. Anaiari edo arrebari zenbat aldiz barkatu dion kontatzen ari dena bide zoro batean sartu da, Jesusen jarraitzaileen artean arnastu beharreko espiritua suntsituko duen bidean.
Juduen artean ezaguna zen Lamek-en «Mendeku-kantua», basamortuko legenda-heroi harena, zioena: «Kain zazpi aldiz mendekatuko dute, baina Lamek hirurogeita hamar aldiz zazpitaraino». Mugarik gabeko mendeku-kultura honen aurrez aurre, Jesusek bere jarraitzaileen artean mugarik gabeko barkazioa proposatu du.
Vatikano II.a kontzilioaren inguruan agertu diren jarrera desberdinek Elizaren baitan gatazka eta aurkaritza, askotan oso mingarriak, eragin izan dituzte. Sarritan azaldu dira elkarrekiko begirune-faltak, irainak eta kalumniak. Inork gezurtatu gabe, kristau-izenpean agertzen diren zenbait talde Internetez baliatu izan dira oldarkortasuna edo gorrotoa ereiteko, beste fededun batzuen izena eta ibilbidea gupidarik gabe hankaz gora jarriz.
Premia-premiazkoa dugu Jesusen lekukoen beharra, hitz irmoz haren Ebanjelioa hots egingo dutenen eta bihotz apalez haren bakea kutsatuko dutenen beharra. Fededunak: barkatuz eta Elizan sartu den itsutasun gaixoti hau sendatuz biziko direnenak.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain