ZERTAZ GENUEN EZBAIA BIDEAN?
Markosen kontakizunaren arabera, hirutaraino azpimarratu du Jesusek, Jerusalemerako bidean, han esperoan duen zoria. Jainkoaren egitasmoari egin dion buru-eskaintza ez da amaituko ikasleek imajinatzen duten arrakasta garaitsuaz. Azkenean piztuera izango da, bai, baina sinestezina ematen duen arren, Jesus gurutzean josiko dute. Jarraitzaileek jakin beharra dute hori.
Alabaina, ikasleek ez diote ulertu. Beldurra ematen die galdera egite hutsak. Pentsatzen jarraitzen dute ezen Jesusek aintza, boterea eta ohorea ekarriko dizkiela. Buruan ez dute beste pentsamendurik. Kafarnaumgo bere etxera iristean, Jesusek galdera egin die: «Zertaz zenuten zeuen ezbaia bidean?», zertaz hitz egin dute Jesusen ondoren zihoazela, hau absente egon den solasaldian?
Mutu gelditu dira ikasleak. Lotsa dira egia esateko. Jesus buru-eskaintzaz eta leialtasunaz ari zaien bitartean, inportanteago zein izango ari dira beraiek. Ez dute sinesten Jesusek gura duen anai-arreba arteko parekotasunean. Egiaz, eragiten dietenak handinahia eta harrokeria dira; besteen gaineko izan.
Jesusi atzea emanez eta haren Espiritua bazter utzirik, ez ote gara ari ohi geu ere antzeko gauzez eztabaidatzen?: uko egin behar ote die Elizak mendetako pribilejioei ala «botere sozialaren bila» jarraitu behar du?, zein kongregaziori eta mugimenduri eman behar zaio garrantzia, eta zein utzi behar dira alde batera?, zein teologok merezi du «ortodoxotzat» hartua izateko ohorea eta zein behar dira isilarazi, zokoratutzat?
Ikasleen isiltasuna gogoan, Jesus eseri da eta dei egin die. Gogo handia du entzun diezaioten. Esan behar diena ez da ahazten uztekoa: «Lehena izan nahi duena izan bedi guztietan azkena eta guztien zerbitzaria». Jesusen mugimenduan ez zaie begiratu behar hainbeste lehen postuak dituztenei, ospea, tituluak eta ohoreak dituztenei. Beste hauek dira garrantzizkoak: beren izenari edo ospe pertsonalari ezer asko erreparatu gabe, handinahirik eta askatasun osoz, Jesusen egitasmoari ekiten diotenak: zerbitzatuz, lankide izanez eta eraginez. Ez genuke ahaztu behar: inporta duena ez da gizakien begietan dotore gelditzea, baizik eta on eginez bizitzea Jesusi jarraituz.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain