AURREA HARTUKO DIZUETE
Parabola hain xinplea da, duintasun gutxi duela ematen baitu Jesus bezalako profeta batentzat. Alabaina, ez du esan beraren inguruan korrika dabilen haur-taldearentzat, baizik eta «apaiz nagusi eta herriko zaharrentzat», tenplura iristen denean erasoka hasten baitzaizkio.
Kontaeraren arabera, aita batek bere bi semeei mahastira lanera joan daitezen eskatu die. Lehenak zakar erantzun dio: «Ez dut nahi», baina ez da ahaztu aitaren eskariaz eta mahastira joan da lanera. Bigarrenak prestasun harrigarriz erreakzionatu du: «Jakina, bada; banoa, jauna», baina hitz huts gelditu da dena. Inork ez du ikusiko seme hori mahastian lanean.
Argia da parabolaren mezua. Jesusi entzuten ari zaizkion buruzagi erlijiosoak ere bat datoz aita horrekin. Jainkoaren aurrean, ordea, garrantzizkoa ez da «hitz egitea», baizik eta «egitea». Zeruko Aitaren borondatea betetzeko, gauza erabakitzailea ez dira hitzak, promesak eta errezoak, baizik eta egintzak eta eguneroko bizitza.
Harritzekoa Jesusek egin duen esleitzea izan da, aplikazioa. Beraren hitzak ezin gogorrago dira. Mateo ebanjelariak bakarrik jaso ditu, baina ez da dudarik Jesusenak direla. Jesusek bakarrik zuen askatasun hori buruzagi erlijiosoen aurrean: «Nik diotsuet publikanoek eta prostituituek aurrea hartu dizuetela Jainkoaren erreinurako bidean».
Bere esperientziaz mintzo da Jesus. Buruzagi erlijiosoek «bai» esan diote Jainkoari. Lehenengoak dira Jainkoaz, beraren legeaz eta beraren tenpluaz hitz egiten. Baina Jesusek dei egin dienean «Jainkoaren erreinua eta beraren zuzentasuna bilatzera», itxi egin zaizkio mezuari eta ez dira sartu beraren bidean. «Ez» esan diote Jainkoari Jesusi aurrez aurre jarriz.
Zerga-biltzaileek eta prostituituek «ez» esan diote Jainkoari. Legez kanpo bizi dira, tenplutik bazterturik. Halaz guztiz, Jesusek Jainkoaren adiskidetasuna eskaini dienean, entzun egin dute deia eta bihotz-berritzeko bideari ekin diote. Jesusentzat dudarik ez da: Zakeo publikanoak, bere oinak malkoz busti dizkion emakume prostituituak eta beste hainbatek… aurrea hartu diete «Jainkoaren erreinurako bidean».
Bide honetan aurretik doaz, ez fede-aitorpen arranditsuak egin dituztenak, baizik eta Jesusi ireki zaizkionak Aitaren egitasmorako konbertsio-urrats zehatzak eginez.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain