GUTARRAK DIRA
Markos ebanjelariak pasadizo bat dakar zeinetan Jesusek zirt-zart zuzentzen baitu Hamabien jarrera oker bat. Ez ote zaigu komeni guri ere gaur oharpen hori entzutea?
Hamabiek eragotzi egin nahi diote «deabruak botatzen» ari den gizon bati lanbide horretan jarraitzea; esan nahi da, jendea esklabo bihurtzen duen gaitz batetik liberatzen eta bere askatasuna eta duintasuna itzultzen ari zaion bati moztu nahi diotela ekintza. Jendeari on egiteaz kezkaturik dago gizon hori. Are gehiago, «Jesusen izenean» ari da. Baina Hamabiek beraien ustez oso larria den zerbaiti erreparatu diote: Gizon hori «Ez da gutarra».
Hamabiek ezin jasan dute beraiekin ez dagoen pertsona baten jarduera askatzailea. Onartezina iruditzen zaie. Beraien taldeari atxikirik bakarrik burutu daiteke Jesusek eskaintzen duen salbazioa, uste dute. Ez diote erreparatzen gizon hori egiten ari den ongiari. Gizon hori beraiekin ez egoteak kezkarazten ditu.
Jesusek, berriz, zirt-zart gaitzetsi du ikasleen jarrera. Jokabide gizatiartzailea garatzen ari den pertsona, Jesusi eta beronen salbamen-egitasmoari atxikirik dago nolabait jadanik, eta, besterik gabe, Jesusen jarraitzaileek ezin monopolizatu dute Jainkoaren salbazioa.
Hamabiek, alabaina, kontrola ezarri nahi diote beren taldekoa ez den baten jarduerari, arerio bat ikusten dute harengan. Jesusek, berriz, soilik gizakiaren onaren bila baitabil, laguntzaile eta adiskide bat dakusa harengan: «Gure aurka ez dagoena gure alde dago».
Gaur egun Eliza jasaten ari den krisialdiak aukera ona eskaintzen digu Jesusen jarraitzaileoi, gogoan izan dezagun, geure lehenengo egitekoa ez dela geure erlijioa arrakastatsu antolatu eta garatzea, baizik eta gizadi berri baten legamia izatea.
Horregatik, ez genuke errezelotsu bizi behar, gure gurari edo eskema erlijiosoekin ahokatzen ez diren jarrerak edo ekintzak gaitzetsiz. Ez da Jesusen elizaren oso araberakoa alde guztietan eta beti arerioak ikusiz bizitzea. Aitzitik, pozik ikustera gonbidatzen gaitu Jesusek jendea eta erakundeak, Elizaz «kanpokoak», bizitzaren garapen gizatiarrago baten alde egiten ari direnak. Gutarrak dira, arazo beragatik ari dira borrokan: Jainkoaren seme edo alaba duinago izango den gizakia dugu xede.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain