KRITIKA ZORROTZA BURUZAGI ERLIJIOSOEI
«Mahasti-langile giza hiltzaileen» parabola da, dudarik gabe, bere herriko buruzagi erlijiosoen aurka Jesusek jaulki zituenetako gogorrena. Ez da gauza erraza jatorrizko kontaera zein den jakitea, baina ez zen, segur aski, oso desberdina gaur egun irakur dezakegun ebanjelio-tradiziotik.
Protagonista nabarmenenak mahastia lantzeko ardura duten laborariak dira, inondik ere. Makurra da, benetan, beraien jarduera. Ez dute inolaz ere mahastia arduraz eta maitasunez, ezeren faltarik izan ez dezan, zaintzen duen jabearen antzik.
Ez dute onartzen mahastiaren jabe den jauna. Berek izan nahi dute jabe bakarrak. Bata bestearen ondoren, jabeak pazientzia sinestezinaz bidali dizkien zerbitzariak garbitu egin dituzte. Ez dute errespetatu semea bera ere. Iritsi denean, «mahastitik kanpora bota dute» eta erail. Obsesio guztia «ondarearen jabe izatea» dute.
Zer egiten ahal du jabeak? Mahasti-langile horiek garbitu eta mahastia «fruitua emango dioten» beste batzuen esku jarri. Tragikoa da Jesusen konklusioa: «Nik diotsuet, zuei kendu egingo zaizuela Jainkoaren erreinua eta fruitua emango duen beste herri baten esku utziko dela».
Jerusalem hiria 70. urtean suntsitu ondoren, baiespen bezala irakurri zuten gaurko parabola hau: Elizak hartu zuela Israel herriaren txanda; halere, ez zen interpretatu «Israel berrian» mahastiaren jabearekiko leialtasuna bermaturik balego bezala.
Jainkoaren erreinua ez da Elizarena. Ez da hierarkiaren jabetza. Ez da teologo hauen edo beste haien jabetza. Aita du jabe bakarra. Inor ez da sentitu behar beraren egiaren edo espirituaren jabe. Jainkoaren erreinua «bere fruituak ematen dituen herriarena» da: zuzentasunaren, gupidaren eta azkenak direnekiko defentsaren fruituak, alegia.
Gaur egungo eta betiko Elizak gerta dakiokeen tragediaren handiena profeten ahotsa erailtzea izango luke, apaiz nagusiek «Jaunaren mahastiaren» jabe direla uste izatea eta guztien artean bota dezagun Semea «kanpora» esatea, beraren Espiritua itoz. Elizak erantzuten ez badie beragan beraren Jaunak ipiniak dituen esperantzei, Jainkoak salbazio-bide berriak irekiko ditu fruitua emango duten herrietan.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain