EMAKUMEAREN DEFENTSA
Emakumeak, gehienik sufriarazten ziona, I. mendeko hogeita hamar urtetako Galilean, familia patriarkalean erabat gizonezkoaren mende bizi beharra zuen. Senarrak, zapuztu ere, noiznahi zapuztu zezakeen emaztea, hau bere zoriaren baitan utziz. Eskubide hau, judu-tradizioaren arabera, Jainkoaren legean berean oinarritua zegoen.
Lege-maisuek eztabaida-gai izaten zuten zerk zuzenesten ahal zuen senarraren erabakia. Shammairen jarraitzaileen arabera, adulterio-kasuan bakarrik zapuzten ahal zuen; Hillelen arabera, aski zen emazteak senarrarentzat desatsegina zen edozer gauza egitea. Gizonezko jakintsuek eztabaidatzen zuten bitartean, emakumeek ezin zuten hitz egin beren eskubideak defendatzeko.
Halako batean, Jesusengana iritsi zen planteamendua: «Zapuztu al dezake senarrak bere emaztea?». Jesusen erantzunak guztiak asaldatu zituen. Emakumeek ezin sinetsi zioten. Jesusen arabera, zapuztea legean baldin badago, gizonezkoen eta burubide matxistaren «bihotz-gogorkeriagatik» da, baina Jainkoaren jatorrizko egitasmoa ez zen izan ezkontza «patriarkal» bat sortzea, gizonezkoak emakumea mendean harturik.
Jainkoak gizonezkoa eta emakumea kreatu zituen, «haragi bakar bat» izan zitezen. Biak daude deituak beren maitasuna, beren barnekoitasuna eta beren bizitza osoa partekatzera, duintasun beraz eta erabateko elkartasunean biziz. Horra Jesusen oihuaren nondik norakoa: «Jainkoak batu duena, ez dezala aparta gizonezkoak» bere jarrera matxistaz.
Jainkoak bizitza duinagoa, seguruagoa eta egonkorragoa gura du gizonezkoak, Galileako etxe horietan, menderaturik eta gaizki trataturik dituen emazte horientzat. Ezin bedeinkatu du gizonezkoaren oilartasuna eta emakumearen mendekotasuna eragiten dituen egiturarik. Jesusen ondoren, kristau batek ezin onetsiko du, ebanjelioarekin, emakumearen bereizkeriarik, zokoratzerik edo menderatzerik.
Jesusen mezuan prediku bat dago, gizonezkoei bakarrik zuzendua: uko egin diezaiotela «bihotz-gogorkeriari» eta susta ditzatela harreman zuzenagoak eta parekotasun handikoagoak gizonezkoaren eta emakumearen artean. Non entzuten da gaur egun mezu hau?, noiz dei egin die Elizak gizonezkoei bihotz-berri honetara?, zer ari gara egiten Jesusen jarraitzaileok portaerak, ekanduak, ohiturak eta legeak berrikus eta alda daitezen: gizonezkoa eta emakumea kreatu zituenean Jainkoak izan zuen gogoaren kontra argi eta garbi doazenak?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain