DUDA MUDATIK OTOITZ EGIN
Fededunari sortzen ahal zaizkio duda-mudak kristau-mezuaren punturen batez edo gehiagoz. Jakin nahi du nola ulertu behar duen Bibliako baieztapen jakin bat edota kristau-dogmaren alderdi zehatz bat. Argitzapen gehiago eskatzen duten arazoak dira.
Baina bada orori dagokion duda errotikoagorik esperimentatzen duenik ere. Alde batetik, uste dute ezin dutela edota ez dutela utzi behar erlijioa bertan behera; bestetik, ez dira gai fedeak eskatzen duen «bai» orokor bat egiaz esateko.
Bere burua horrela ikusten duenak barne ondoez bat sentitzen du eskuarki, egoerari baketsu eta bare erantzutea eragozten diona. Errudun ere sentitzen ahal da. Zer gertatu bide zait honetara iristeko? Zer egin dezaket une hauetan? Agian, lehenengo gauza egoera honi Jainkoaren aurrean era baikorrean erantzutea dateke.
Dudak esperimentarazten digu, ez garela gai egiaren «jabe» izateko. Inork ere ez «du» Jainkoaren azken egia. Kasu honetan ez dute balio bizitzako beste arlo batzuetan maneiatzen ditugun ziurtasunek. Bizitzaren azken misterioaren aurrean apal eta egiati behar dugu bide egin.
Dudak, bestalde, proban ipintzen du nire askatasuna. Ezin erantzun du inork ere nire izenean. Ni neu naiz neure askatasunarekin aurrez aurre dagoena eta «bai» ala «ez» esan behar duena.
Horregatik, duda izan daiteke gauzarik bultzagarriena fede infantil batetik esnarazteko eta kristautasun konbentzional bat gainditzeko. Lehenengo gauza ez da nire galdera zehatzei erantzunak aurkitzea, baizik eta neure buruari galdetzea zein norabide eman nahi diodan neure bizitzari. Benetan nahi al dut egia aurkitu? Prest al nago uzteko Ebanjelioaren egiak interpela nazan? Nahiago al dut inolako egiaren bila ibili gabe bizi?
Jainkoari entzuteko geldialdi bat egiten duen bihotz egiatitik sortu ohi da fedea. E. Vilanova teologo katalanak dioen bezala, «fedea ez dago gure baieztapenetan edo geure duda-mudetan. Harago dago: bihotzean… Jainkoak ez beste inork ezagutzen ez duen hartan».
Inporta duena, aztertzea da ea gure bihotza Jainkoaren bila dabilen ala, aitzitik, ezikusia egiten dion. Galdera eta ziurgabetasun guztiak eta guzti, benetan bagabiltza Jainkoaren bila, beti esan ahalko dugu bihotz barnetik ikasleen otoitz hau: «Jauna, handitu nire fedea». Horrela otoitz egiten duena fededun da jadanik.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain