JESUSEN LEHENENGO HITZA
Mateo ebanjelariak asko zaindu du jendaurrean agertzeko Jesusek baliatu duen eszenarioa. Bataiatzailearen ahotsa itzali eta ahots berri bat hasi dira entzuten, Jesusena. Basamortuko paisaia lehor eta laiotza utzi eta Galileako berdetasunak eta edertasunak hartu du haren lekua. Jesus Nazaret uzi eta Kafarnaumera lekualdatu da, aintziraren ertzera. Bizi berri baten agerpena iradokitzen du honek guztiak.
Mateok gogorazi digu «jentilen Galilean» gaudela. Ondotxo daki ebanjelariak Jesusek herrixka haietako judu-sinagogetan predikatu izan duela eta ez dela ibili paganoen artean. Baina bidegurutze da Galilea; Kafarnaum, itsasora irekia den hiria da. Hemendik iritsiko zaie salbazioa herri guztiei.
Oraingoz, tragikoa da egoera. Isaias profetaren testu batean inspiratuz, Mateok ikusi du «herria ilunpean bizi dela». Lurrean «herio-itzalak» daude. Zuzengabekeria eta gaitza dira nagusi. Bizitza ezin hazi da. Gauzak ez dira Jainkoak nahi bezalako. Hemen ez da Aita errege.
Halere, ilunpean, herria «argi handi bat» ikusten hastera doa. Herio-itzal artean «hasia da argi bat distiratzen». Horixe da Jesus beti: argi handi bat, munduan dirdiraz.
Mateoren arabera, oihu batekin hasi du Jesusek bere predikua: «Bihotz-berri zaitezte». Horixe du bere lehenengo hitza. Bihotz-berritzeko ordua da. Gizakiak bere barnea ireki behar dio Jainkoaren erreinuari. Ez du gelditu behar «ilunpean» eserita, baizik eta «bide egin behar du argian».
Elizaren baitan bada «argi handi» bat. Jesus da. Beronengan agertu, errebelatu, zaigu Jainkoa. Ez dezagun ezkutatu geure protagonismoaz. Ez dugu ordeztu behar hura beste ezerekin. Ez dugu bihurtu behar irakaspen teoriko, teologia hotz edo hitz aspergarri. Jesusen argia itzaltzen bada, Jesusek hain beldur handia zion hura bihurtuko gara kristauok: «beste itsu batzuen gidari izan nahi duten itsu».
Horregatik, gaur ere hau da entzun behar dugun lehenengo hitza: «Bihotz-berri zaitezte»; berreskura ezazue zeuen kristau-nortasuna; itzul zaitezte zeuen erroetara; lagundu Elizari Jesusi leialagoa zaion beste kristautasun-etapa batera igarotzen; bizi zaitezte jarraitzaile-kontzientzia berri batez; jar zaitezte Jainkoaren erreinuaren zerbitzura.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain