JESUSEK ARNASTU ZUEN IRRIKA
Zehazki esateko, Jesusek ez zuen irakatsi «doktrina erlijiosorik» beraren jarraitzaileek ikasi eta zuzen heda zezaten. Jesusek, hobeto esateko, «gertaera» bat iragarri du, onartu beharrekoa, den-dena alda baitezake. Bera esperimentatzen da jadanik: «Jainkoa murgiltzen ari da gizakiaren bizitzan bere indar salbatzaileaz. Lekua prestatu behar zaio».
Ebanjelio zaharrenaren arabera, Jainkoaren Berri On hau hots egiten zuen Jesusek: «Bete da epea. Hurbil da Jainkoaren erreinua. Bihotz-berri zaitezte eta sinetsi Berri Ona». Jesusen mezuaren laburpen ona da: «Gainean da aldi berri bat. Jainkoak ez gaitu bakarrik utzi nahi geure problemen eta erronken aurrean. Gurekin batean eraiki nahi du bizitza gizatiarrago bat. Aldatu pentsaeraz eta jardueraz. Bizi zaitezte Berri On hau sinetsiz».
Adituek uste dute ezen Jesusek «Jainkoaren erreinu» deitzen duen hau dela beraren mezuaren bihotza eta beraren bizitza arnasten duen irrika guztia. Harrigarria da, ordea, Jesusek ez duela azaldu inoiz ere zuzenean zertan datzan «Jainkoaren erreinua». Egin duena, iradokitzea da parabola ahantzezinetan nola diharduen Jainkoak eta nolakoa izango litzatekeen bizitza berak bezala jokatuko lukeen jenderik balego.
Jesusentzat, «Jainkoaren erreinua» bizitza da, Jainkoak eraiki nahi duena bezalakoa. Horixe zen barnean zeraman sua: nolakoa izango zen bizitza Inperioan, Erroman, Jainkoa izan balitz errege eta ez Tiberio? Nola aldatuko liratekeen gauzak, imitatu balitz, ez Tiberio, soilik boterea, aberastasunak eta ohorea baititu gogoko, baizik Jainkoa, zuzentasuna eta azkenak direnentzat errukia eskatzen baititu.
Nolakoa izango ote zen bizitza Galileako herrixketan baldin eta Tiberiadesen Jainkoa izan balitz errege eta ez Antipas?, nola aldatuko ote zen gauza oro baldin eta jendea izan balitz, ez lurjabe handien antzeko, soilik boterea, aberastasunak eta ohorea bilatzen baitzuten, baizik eta Jainkoaren antzeko, jaten ikusi nahi baitzituen eta ez goseak akabatzen.
Jesusentzat, Jainkoaren erreinua ez da amets bat. Jainkoak munduan aurrera eraman nahi duen egitasmoa da. Beraren jarraitzaileek ukan behar duten helburu bakarra. Nolakoa izango ote litzateke Eliza, baldin eta bizitza eraikitzera emanik biziko balitz, Jainkoak nahi duen bezalako, eta ez munduko handiek nahi dute bezalako?, nolakoak izango ote ginateke kristauok Jainkoaren erreinura bihurtuz biziko bagina?, nolako borroka egingo ote genuke gizaki guztientzat «egunean eguneko ogi» bila biziko bagina?, nola hots egingo ote genuke: «Etor bedi zure erreinua»?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain