BERRI ONA POBREENTZAT
Jesusen jokabidearen ezaugarri eskandalagarrienetako eta jasanezinetako bat pobreekiko agertu duen defentsa deliberatua da. Behin eta berriz saiatzen gara kristauok haren jardueran funtsezkoa den zerbait mozten.
Ez dezagun engaina geure burua. Haren mezua ez da berri on jende guztiarentzat, era bereiz gabean. Pobreei Berri Ona hots egiteko izan da bidalia: Jainkoak proiektatu eta nahi duen geroa pobreei dagokie.
Zortea dute pobreek, gizarteak zokoratu dituenek, defentsari gabeko direnek, indartsuen bizikidetasunean lekurik ez dutenek, boteretsuek gabetu dituztenek, bizitzak umiliatu dituenek. Haiek dira Jainkoaren erreinuaren hartzekodunak, haiek dira poztuko direnak Jainkoa bere seme-alaben artean «errege» izango denean.
Baina zergatik dira pobreak pribilegiatuak? Besteak baino hobeak ote dira, bada, Jainkoak tratu berezia eman diezaien? Laua eta argia da Jesusen jarrera. Ez du esan sekula pobreak, pobre izate hutsagatik, aberatsak baino hobeak direnik. Ez du defendatu «klasismo moralik». Pribilegio horren arrazoi bakarra pobreak eta zapalduak izatea da. Eta Jainkoa ezin izan da munduan «errege» halakoei zuzenbidea eskainiz baizik.
Jainkoa ezin izan da neutral gizakien zuzengabekeriek urratua duten munduan. Pobrea zuzentasun-beharra duen pertsona da. Horregatik, Jainkoaren etorrera berri on da berarentzat. Jainkoa ezin izan da errege tratu zuzengabea jasaten duenaren zoria babestuz baizik.
Jainkoaren erregetza ezartzen bada, pobreak zoriontsu izango dira. Izan ere, Jainkoa «errege» den tokian ezin izango dira errege boteretsuak ahulen gain, ezta indartsuak ere babesgabeen gain.
Baina ez dezagun ahaztu. Pobreentzat berri on dena mehatxuaren eta berri txarraren oihartzun izango da aberatsen zaletasunentzat. Zorte txarra dute aberatsek. Geroa ez dute berena. Beren aberastasunek ez diete uzten Jainko Aita bati bihotza irekitzen.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain