LEHEN BEGIRATUA
Lehen begiratua ez dio egin Jesusek pertsonen bekatuari, baizik eta berauen bizia desegiten duen sufrimenari. Jesusen bihotza ukitzen duen lehenengo gauza ez da bekatua, baizik eta gizon-emakumeak jasaten ari diren oinazea, zapalkuntza eta umilazioa. Gure bekaturik handiena, izan ere, gainerakoen sufrimenari bihotza ixtea da, soilik norberaren ongizateaz arduratzeko.
Jesusek sentitu du «sufritzen ari direnez kezkatzen den Jainkoaren Espirituak gantzutu duela». Espiritu hori da eragiten diona bere bizitza guztia besteak liberatzeari, arintzeari, saneatzeari, barkatzeari emanik bizitzera: «Jaunaren Espiritua nigan dago, berak gantzutu bainau. Berak bidali nau pobreei Berri Ona ematera, gatibuei askatasuna iragartzera eta itsuei ikusmena, zapalduei askatasuna ematera, Jaunaren grazia-urtea hots egitera».
Kristauek ez dute beti bere egin Jesusen egitarau hau. Kristau-teologiak arreta handiagoa eskaini izan dio sorkarien bekatuari berauen sufrimenduari baino. Johann Baptist Metz teologo ezagunak askotan salatu izan du tokialdatze larri hau: «Salbazioaren kristau-doktrinak gehiegi dramatizatu izan du bekatuaren problema; bitartean erlatibizatu egin du sufrimenduaren arazoa». Halaxe da. Giza oinazearen kezka askotan moteldu egin da, bekatuaren erospenari eskainitako arretaren mesedetan.
Kristauok ez dugu sinesten edozein Jainkorengan, baizik eta giza sufrimenduari arreta eskaintzen dion Jainkoagan. «Begiak itxirik bizitzearen mistikaren» aurrean, Ekialdeko espiritualitateak bere-bere duen jarrera horren aurrean, batez ere barnekoari eskaintzen baitio arreta, Jesusi jarraitzen dionak beste mistika bat lantzeko deia jaso du: «begiak irekita bizitzearen mistika» eta erantzukizun bete-betearen espiritualitatea, sufritzen ari direnen oinazeari kasu eginez.
Benetan espirituala den kristaua –Espirituak gantzutua–, Jesus bezala, babesgabeen eta umiliatuen artean topatu ohi da. Nabari zaion ezaugarria ez da, hainbeste, Izaki goren-gorenarekin bizi duen barne komunikazioa, baizik eta izakirik pobreenak eta baztertuenak direnengana bidali duen Jainko Aitari dion maitasuna. Martini kardinalak gogarazi digun bezala, globalizazio-aldi hauetan, kristautasunak globalizatu beharra du Lurreko pobreen sufrimenari eskainitako arreta.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







