ITSU IZATETIK SENDATU
Zer egin genezake geure bihotzean fedea epeltzen ari dela nabari dugunean? Daitekeena ote erreakzionatzea? Irten ote gintezke axola-ezetik? Bartimeo itsuaren sendatzea dakarkigu Markosek, bere irakurleei bihotz emateko, bere bizitza aldaraz lezakeen ibilbidea egitera jo dezaten.
Ez da neke geure burua ezagutzea Bartimeoren irudi horretan. Inoizka «itsu» bezala bizi ohi gara, begirik gabe, Jesusek ikusten zuen moduan, bizitza ikusteko. «Eseririk», ohiko erlijio batean kokaturik, Jesusen urratsei jarraitzeko kemenik gabe. Desbideraturik, Jesus egiten ari den bidearen «ertzean», hura hartu ezinik geure kristau-elkarteen gidaritzat.
Zer egin genezake? Bere itsu-izaera eta guzti, Bartimeok «jakin du» ezen bere ingurunean dabilela Jesus. Ezin utzi du galtzen bere aukera, eta hoska ekin dio, behin eta berriz: «erruki nitaz». Horixe da beti lehenengo gauza: bihotza irekitzea edozein deiri edo esperientziari, geure bizitza sendatzera gonbidatzen gaituenean.
Itsuak ez daki bestek egindako otoitzak errepikatzen. Dei-hotsa bakarrik atera zaio, erruki-eskea soilik, bere burua gaizki ikusten duelako. Dei-hots apal eta egiati hori, bihotz-barnetik atera den hori, bizitza on baten hasiera gerta dakiguke. Jesus ez da igaroko gure ondotik kasurik egin gabe.
Itsuak lurrean jarraitzen du, Jesusengandik urrun, baina adi-adi entzun du bidalitakoek esan diotena: «Aupa! Jaiki! Deika duzu!» Lehenik, bihotza ireki du, esperantzari zirrikitu txiki bat eskainiz. Ondoren, deia entzun du, jaiki eta erreakziona dezan. Azkenik, ez dago bakarrik: deika sumatu du Jesus. Guztiz aldarazi du horrek itsua.
Orduan, hiru urrats egin ditu Bartimeok, bere bizia aldatuko dutenak. «Gain-jantzia bota du», oztopo du Jesusengana joateko. Gero, artean itsumustuka bada ere, «jausi bat egin du», ausart. Horrela, Jesusengana «hurbildu da». Horra zer behar genukeen gutako askok ere: geure fedea itotzen ari diren lotura askotarik geure burua askatu; behingoz erabakia hartu, gerorako utzi gabe, eta Jesusen aurrean jarri, konfiantza xumez eta berriz.
Jesusek galdetu dionean zer nahi duen, itsuak ez du dudarik. Ederki asko daki zer behar duen: «Irakasle, ikus dezadala». Hori du gauzarik inportanteena. Norbait gauzak era berri batean ikusten hasten denean, eraldatu egiten da halakoaren bizitza. Elkarte bat, Jesusen argia ikusten duenean, bihotz-berritu egiten da.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain