GAUZA GUZTIETAN LEHENENGOA
Kristau-esperientzia gutxi dira, bat-batean Jesusen hitzekin topo egitea bezain gozo, gure izatearen hondorik hondoena argi berri eta bizi batzuekin argitzen dutenekin, alegia. Horietakoa da Jesusek eskribauari emandako erantzuna, «Zein da aginduetan lehena?» galdetu dionean.
Jesusek ez du dudarik. Guztietan lehenengo gauza maitatzea da. Ez da ezer erabakitzaileagorik Jainkoa bihotz-bihotzez maitatzea eta gainerakoak nork bere burua maite dugun bezala maitatzea baino. Azken hitza beti maitasunak du. Argi dago. Maitasuna da gure bizitza zuzenesten duena. Biziaren izerdia. Gure zorionaren azken sekretua. Gure bizitza pertsonalaren eta sozialaren giltzarria.
Horrela da. Pertsona adimen handikoak, lan-gaitasun egundokoak, bizitzaren askotariko alorretan efikazia harrigarrikoak izaki erdipurdiko izan ohi dira askotan, huts eta hotz, senidetasunari ixten zaizkionean, eta ezgai bihurtuz joan ohi dira maitasuna, samurtasuna edo solidaritatea bizitzeko.
Alderantziz, gizon eta emakumeak, ahaltasun itxuraz mugatukoak, eskas hornituak arrakasta handirik izateko, sarritan iristen dira beren inguruan egiazko bizitza irradiatzera, besterik gabe, beren onura egoistei uko egitera arriskatzen direlako eta gai direlako gainerakoentzat adi-adi eta eskuzabal izan eta bizitzeko.
Uste izan ala ez, eguna joan eguna etorri, geure baitan mamutzar txiki bat eraikiz joan ohi gara: egoismoaz, gainerakoekiko hoztasunaz eta sentiberatasun-gabeziaz edota mirari txiki bat: premian direnekiko samurtasunaz, haurridetasunaz eta solidaritateaz. Zeinek libera gaitzake eskuzabal maitatu ahal izateko alferkeria sinestezin horretatik eta geure izatearen hondoan etxekotu den egoismo horretatik?
Maitasuna ez da inprobisatzen, ez da asmatzen, ez da ekoizten nolanahi. Maitasuna onartu egiten da, ikasi egiten da, kutsatu. Jesusengan agertu zaigun Jainkoaren maitasunari arreta gehiago eskaintzeak, ebanjelioa sakonkiago entzuteak eta beronen Espirituari irekiago bizitzeak ernearaz ditzakete pixkana gugan barruntatzen ere ez genituen maitasun-ahalbideak.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain