JABETZA NEUROSIA
Ebanjelioaren ekarpen baliotsuenetako bat, egungo gizakiari laguntzea da zentzu gizatiarrago batean bizitzen, «jabetza neurosiaz» gaixo dagoen gizartearen baitan.
Gure eguneroko bizitza moldatzen duen gizarte- eta bizikidetasun-eredua oinarritua dago, ez pertsona bakoitza den hartan, baizik eta pertsona bakoitzak daukan hartan. Inporta duena «edukitzea» da: dirua, ospea, boterea, aginpidea… Hau duenak aurrera egiten du eta garaile irteten da bizitzan. Honelako zerbait lortzen ez duena deskalifikaturik gelditzen da,
Lehen urteetatik, haurra «edukitzera» hezten da «izatera» baino gehiago. Ardura duena, gai egitea da, biharko egunean «eduki» dezan / ditzan postu bat, sarrera batzuk, izen bat, segurtasun bat… Horrela, kasik inkontzienteki, prestatzen ditugu belaunaldi berriak lehiaketarako eta norgehiagokarako.
Gizarte-eredu batean bizi gara, pertsona erraz pobretu dezakeen eredu batean. Afektu, samurtasun eta adiskidetasun-eskariari, pertsona orotan taupadaka ari ohi denari, gauzak eskainiz erantzuten zaio. Komunikazioaren ordez gauzez jabetzea eskaintzen zaio.
Pertsona bere burua balioztatzen, daukanaren arabera ohitzen da balioztatzen. Eta, horrela, ezgai bihurtzeko arriskua bizi ohi du maitasuna, samurtasuna, zerbitzu eskuzabala, laguntza solidarioa, biziaren doako zentzua usaintzeko ere. Gizarte honek ez dio laguntzen gizakiari adiskidetasunez, solidaritatez eta besteen eskubideekiko arduraz haziz joaten.
Horregatik, era berezian nabarmentzen da gure egunotan Jesusen gonbita: pertsonaren balorazioa, zerbitzurako eta solidaritaterako duen gaitasunetik egitera dei egin digu. Bizitza baten handitasuna neurtzen da, azken batean, ez dituen ezagutzen arabera, ez metatzea lortu duen ondasun-piloaren arabera, ezta lortu duen arrakastaren arabera ere, baizik eta besteei era gizatiarragoan bizitzen laguntzeko lortu duen zerbitzu- eta laguntza-gaitasunaren arabera.
Zenbat jende apalek, ebanjelioko alarguna bezalakok, egiten dion ekarpen handiagoa gure gizartea gizatiartzeari, solidaritatezko bere bizitza xumeaz eta premian direnei laguntza eskuzabala eskainiz, ezen ez bizitza sozial, politiko edo erlijiosoko protagonista askok baino, beren onuraren, beren protagonismoaren eta beren postuaren defendatzaile trebe direnek baino.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain