EDUKI EDO MAMI AGORREZINA
Jesusen zoriontasunetara behin eta berriz hurbiltzen dena konturatzen da beraien edukia edo mamia agorrezina dela. Beti izaten dituzte hots berriak. Beti aurkitzen dugu beraietan beste argi bat bizi dugun unerako. Horrela «hots egiten didate» neuri Jesusen hitzek.
Zorionekoak espirituz pobre direnak, gutxirekin bizitzen dakitenak. Arazo gutxiago izango dute, adiago egongo dira premian daudenekiko eta askeago biziko dira. Hori ulertuko dugun egunean gizatiarrago izango gara.
Zorionekoak otzanak, beren bihotzetik indarkeria eta oldarkortasuna kanporatzen dituztenak. Hori guztiok egingo dugunean, benetako bakean bizi ahalko gara elkarrekin.
Zorionekoak negar dagitenak besteak sufritzen ikustean. Jende ona dira. Berauekin eraiki daiteke mundu haurrideago eta solidarioago bat.
Zorionekoak zuzenaren gose eta egarri direnak, zuzenagoak izateko desira eta gizarte duinago bat egiteko gogoa galdu ez dutenak. Espiritu gizatiarraren alderik hobenak arnasten ditu berauek.
Zorionekoak errukitsuak, beren bihotzaren hondoenean barkatzen dakitenak. Jainkoak bakarrik ezagutzen ditu berauen barne borroka eta handitasuna. Berauek dira elkarrekin onezkoak egitera hurbiltzen ahal gaituztenak.
Zorionekoak bihotza gorrototik, engainutik eta probetxu anbiguotatik garbi gordetzen dutenak. Fidatzen ahal gara berauez geroa eraikitzeko.
Zorionekoak bakearen alde ari direnak pazientziaz eta fedez. Etsi gabe oztopoen eta zailtasunean aurrean, eta beti guztien onaren bila. Beharrezkoak ditugu bizikidetasuna berreraikitzeko.
Zorionekoak pertsekuzioa jasaten dutenak zuzen jarduteagatik, eta gozo erantzuten dietenak irainei eta laidoei. Berauek laguntzen digute gaizkia ongiaz garaitzen.
Zorionekoak irainduak, pertsegituak eta kalumniatuak direnak Jesusen ibilbideari leial jarraitzegatik. Berauen sufrimendua ez da alferrik galduko.
Halaz guztiz, desitxuratu egingo genuke zoriontasun hauen zentzua, berauetako bakoitzean azpimarratzen den gauza bat gehituko ez bagenu. Esapide ederrez Jesusek berauen begi aurrean Jainkoa ipini du giza zorionaren azken bermatzaile. Bizi-egitarau honetan inspiraturik bizi direnak «kontsolatuak izango dira» egun batean, «zuzentasunaz aserik geldituko dira», «errukia lortuko dute», «Jainkoa ikusiko dute» eta betikotasun osoan gozatuko dute beraren erreinuan.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain