EZ OTE DUGU PROFETA BEHARRIK?
«Profeta handi bat sortu da gure artean». Hori aldarrikatzen zuten Galileako herrixketan, Jesusen hitzek eta keinuek harriturik. Halere, besterik da gertatu Nazareten auzotarren artean gantzutu bezala, pobreen Profeta bezala agertu denean.
Jesusek haiek harritu izanari erreparatu dio lehenengo, eta uko egin izanari gero. Ez da gehiegi harritu. Esaera sonatua gogorarazi die: «Hona nik esan: ez da profetarik bereen artean ondo hartua izan denik». Gero, herritik kanpora aterarazi eta hil nahi izan dutenean, bertan behera utzi ditu Jesusek. Kontalariak dio: «haien artetik irten eta urrundu zen». Jesus Profetarik gabe gelditu zen Nazaret.
Profeta da Jesus eta halakotzat dihardu. Ez da tenpluko apaiza, ezta lege-maisua ere. Israelgo profeten tradizioa du bere bizi-eremua. Erregeak eta apaizak ez bezala, profeta ez du inork izendatzen, ez gantzutzen. Jainkoagandik du bere agintea, haren Espirituaz arnastu eta gidatu nahi du bere herri maitea, buruzagi politikoak eta erlijiosoak hartarako gai ez direnean. Ez da halabeharrezkoa kristauek profeta baten baitan haragitua den Jainkoa aitortu izana.
Nahastezinak dira profetaren ezaugarriak. Gizarte zuzengabe baten baitan, zeinetan boteretsuek negar dagitenen sufrimena isilaraziz beren ongizatea bilatzen baitute, ausart ageri da profeta: Jainkoak gizarteko azkenei dien errukitik ekin dio errealitatea irakurtzeari eta bizitzeari. Profetaren bizitza osoa bilakatu da «presentzia alternatibo», zuzengabekeria kritikatuz eta konbertsiorako eta kanbiorako deia eginez.
Bestetik, erlijioa bera egoera zuzengabe bati egokitu eta Jainkoarenak ez diren interesak bere egin dituenean, profeta astindua emanez ageri da, axolagabekeria eta autoengainua dilindan jarriz, erlijio orok duen betikotasunaren eta absolututasunaren ilusioa kritikatuz, guztiei salbatzailea Jainkoa bakarrik dela gogoraraziz. Profetaren presentziak esperantza berria harrotzen du; izan ere, geroa Jainkoaren askatasunetik eta maitasunetik pentsatzera eragiten du.
Jesusen eta haren jarraitzaileen profeta-alderdiari ezikusiarena egiten dion Elizak profetarik gabe gelditzeko arriskua izanen du.
- Gaur egun, oso kezkaturik gabiltza apaiz gutxi izateaz, eta apaiz-zerbitzurako bokazio eske ari gara. Zergatik ez eskatu Jainkoari profetak bidal ditzan? Ez ote dugu profeta-beharrik? Ez ote dugu sentitzen geure kristau-elkarteetan profeta-espiritua sustatu beharrik?
- Profetarik gabe, Elizak ez ote du bizi Jainkoak egiten dituen konbertsiorako eta kanbiorako deien aurrean sorgor izateko arriskua?
- Profeta-espiriturik gabeko kristautasunak, ez ote bizi ordenuak, tradizioak edo Jainkoagandiko berritasunarekiko beldurrak kontrolatuak izateko arriskua?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain