EZ ZAITEZ BELDUR IZAN
Kulpa, bere horretan harturik, ez da erlijioek asmatutako zerbait. Giza esperientzia antzinakoenetako bat eta unibertsalenetako bat da. Sentimendu erlijiosoa azaleratu baino lehen, nabari daiteke gizakiak bizi duela zerbaitetan «huts egin izanaren» ustea. Problema ez datza kulparen esperientzian, baizik eta berorri aurre nola egin ahal izatean.
Bada kulpa bizitzeko era sano bat. Pertsonak bere egiten du bere egintzen erantzukizuna, deitoratu egiten du egina dukeen kaltea eta bere jokabidea hobetzen saiatzen da etorkizunean. Kulparen esperientziak, horrela bizirik, pertsonaren heldutasunerako hazkundean parte hartzen du.
Badira, ordea, kulpa bizitzeko oso sanoak ez diren erak ere. Pertsona bere duintasun-gabezian hesitzen da, haur baten lohitasun eta zikintasun-sentimenduak sustatzen ditu, bere buru-estimua suntsitu eta bere burua baliogabetu egiten du. Pertsonak bere burua oinazetzen du, umiliatzen, bere buruarekin borroka egiten, baina azkenean bere eginahal guztiekin ez du lortzen bere burua askatzea, ez du lortzen pertsona bezala hazten joatea.
Kristauari bereziki dagokiona bere kulpa-esperientzia maitasun eta soilik maitasun den Jainkoaren aurrean bizitzea da. Fededunak aitortzen du maitasun horri desleial izan zaiola. Aitorpen horrekin pisu eta benetakotasun betea ematen dio bere kulpari. Aldi berean, ordea, bere burua hondoratzetik libratu egiten du; izan ere, badaki, bekatari izanik ere, Jainkoak onartzen duela bera: badaki Jainkoagan beti aurkitu ahal izango duela errukia, duintasun-gabeziatik eta porrot egitetik salbatzen duena.
Kontaeraren arabera, Pedrok, bere duintasun-ezak jota, Jesusen oinetara bota du bere burua, esanez: «Urrundu zaitez nigandik, Jauna, bekatari naiz-eta». Jesusek ezin izan zuen egin besterik: «Ez beldur izan», ez zaitez beldurtu bekatari izan eta nire ondoan egoteaz. Hau da fededunaren zoria: badaki bekatari dela, baina badaki aldi berean Jesusengan agertu zaigun Jainkoak onartzen duela bera, ulertzen duela eta, baldintzarik gabe, maite duela.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






