JAINKOAK «KUTSATUEI» HARRERA ONA
Ustekabean, lepradun bat «hurbildu zaio Jesusi». Legearen arabera, halakoak ezin du izan harremanik inorekin. «Kutsatua» da eta bakan bizi beharra du. Tenpluan ere ezin sartu da. Nolatan onartuko du Jainkok bere aurrean halako izaki nazkagarri bat? Bazterturik bizitzea du bere zoria. Hori du legearen agindua.
Halaz guztiz, lepradun hau, etsirik, ausartu da arau guztiei desafio egitera. Badaki «oker» ari dela. Horregatik jarri da belauniko. Ez da arriskatu Jesusekin aurrez aurre hitz egitera. Lurretik erregutu dio: «Nahi baduzu, garbi nazakezu». Badaki Jesusek senda dezakeela, baina nahi izango ote du? Ausartuko ote da Jesus Jainkoaren izenean ezarria dioten baztertzetik ateratzen?
Harrigarria da lepraduna hurbil ikusteak Jesusi eragin dion zirrara. Ez du nazkarik sentitu, ez du egin atzera. Gizajo haren egoera ikustean «barneraino hunkitu da». Gainez egin dio bihotz-samurtasunak. Nolatan ez du, ba, nahi izango hura garbitzea, babesik txikiena eta mespretxurik handiena jasaten duten bere seme-alabekiko Jainkoak duen errukia bera bizi duelarik?
Duda txikienik gabe, gizon harengana «eskua luzatu» eta garbiek mespretxatzen duten haren narrua ukitu du. Badaki legeak debekatua duela hori egitean eta, keinu horrekin, lepradunak hasia duen lege-haustea baiesten ari dela. Jesusek, ordea, errukia bakarrik du gogoan: «Nahi dut: izan zaitez garbi».
Hona zer nahi duen Jesusengan haragitu den Jainkoak: Aita den aldetik bizi duen errukiaren aurka doazen baztertze guztietatik mundua garbitu. Bazterketak ez dira Jainkoaren gauza, baizik gure legeena, gure erakundeena. Inor marjinatzea ez dator Jainkoagandik, gugandik baizik. Aurrerantzean, denek izan beharko dute kontuan, ezin dela inor baztertu Jesusen izenean.
Inongo kutsaturen aurrean ez nazkatzea esan nahi du Jesusi jarraitzeak. Inongo «bazterturi» gure abegi ona ez ukatzea. Lehenengo gauza, Jesusentzat, sufritzen ari den pertsona da, eta ez araua. Lehentasuna arauari ematea da modurik hoberena mespretxatuen eta ukatuen aurrean Jesusen sentiberatasuna galtzen joateko. Modurik hoberena, errukirik gabe bizitzeko.
Gune gutxitan suma daiteke Jesusen Espiritua babesgabeko prostitutei eta guztiek ahaztuak dituzten hiesdunei sostengua eta adiskidetasuna eskaintzen, eta beren izaera duintasunez ezin bizi duten homosexualak… defenditzen dituzten pertsonen baitan bezala. Jainkoaren bihotzean guztiek dutela lekua gogorarazten digute halakoek.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain