BIHOZBERATASUNA
Sentimenduen agerpen sentigarria ez da irizpiderik hobena kristau-maitasuna den ala ez egiaztatzeko; besteren onerako portaera arduratsua da balio duena. Orokorki, premian den bati eskainitako zerbitzu apalak, ia beti, maitasun handiagoa du hitz hunkigarri askok baino.
Baina batzuetan hainbeste azpimarratu izan da gogamenaren ahalegina, non karitateari bere eduki afektiboa kentzera iritsi baikara. Eta, halaz guztiz, kristau-maitasunak, pertsonaren hondo-hondotik sortuak, sentimenduak ere eragiten ditu, eta bihotz-afektu bezala agertzen da.
Lagun hurkoa maitatzeak berari on egitea eskatzen du, baina baita bera onartzea, berari begirunea izatea, beragan maitagarri dena aintzat hartzea, gure abegi ona eta maitasuna berari sentiaraztea ere. Kristau-karitateak jarrera bat hartzera bultza egiten dio pertsonari: bihotzetiko begikotasun jarrera, ardura eta afektua, alegia, ezinikusi, axolagabetasun edo ukapen-jarrera gaindituz.
Jakina, maitatzeko gure era pertsonala beti dago baldintzaturik: bakoitzaren sentiberatasunak, aberastasun afektiboak edo komunikazio-gaitasunak baldintzaturik. Dena den, kristau-maitasunak bihozberatasuna, egiazko afektua eta pertsona arteko adiskidetasuna sustatzen ditu.
Bihozberatasun hau ez da azaleko adeitasun hutsa, heziketa onak eskatua, ezta berezko begikotasun hutsa ere, pertsona atsegin batekin izandako harremanetatik sortua, baizik eta jarrera egiatia eta garbia, kristau-maitasunak biziarazi dezan uzten duen batena.
Agian, gaur egun ez dugu aski azpimarratzen bihozberatasun hau lantzeak duen garrantzia, dela familiaren baitan, dela lanaren eremuan, dela harreman guztietan ere. Alabaina, bihozberatasunak hobeto sentitzen laguntzen dio pertsonari, tirandurak eta gatazkak eztitzen ditu, jarrerak hurbiltzen, adiskidetasuna sendotzen, ahaidetasuna (anai-arreba artekotasuna) hazarazten.
Bihozberatasunak axolagabetasun- eta ukapen-sentimenduetatik liberatzen laguntzen digu; izan ere, kontra egiten dio lagun hurkoa dominatzeko, maneiatzeko edo sufrimena eragiteko dugun gure joerari. Afektua era sanoan eta eskuzabalekoan komunikatzen dakitenek mundu gizatiarrago eta bizitzeko egokiago bat eragiten dute beren ingurumenean.
Bihozberatasun hau zabaldu beharra azpimarratzen du Jesusek, ez bakarrik adiskide edo pertsona atsegin baten aurrean, baita norberari uko egiten dionaren aurrean ere. Gogora ditzagun beraren hitz batzuk, beraren izaera agerian jartzen dutenak: «Zeuen anai-arrebei bakarrik agur egiten badiezue, zer ez-ohikorik egiten duzue?».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain