ZER DA BARKATZEA?
Argia eta bipila da Jesusen mezua: «Maita zeuen etsaiak, egin ondo gorroto zaituztenei». Daitekeena ote da jarrera hori bizitzea? Zer ari zaigu eskatzen Jesus? Maita al dezakegu etsaia? Agian, «barkatzeak» zer esan nahi duen jakitetik hasi beharko genuke.
Inporta du, lehenik eta behin, geure baitan sortzen zaizkigun haserre, asaldatze eta oldarkortasun-sentimenduak ulertu eta onartzea. Gauza normala da. Zauriturik gaude. Geure buruari are kalte handiagoa ez egiteko, berreskuratu beharra dugu barne bakea; era osasungarrian erreakzionatzen lagunduko digu.
Barkatzen duenaren lehen erabakia mendekurik ez hartzea da. Ez da gauza erraza. Erantzun kasik senezkoa da mendekua, barnean jaioa, zauritu edo umiliatu gaituztenean. Geure sufrimendua orekatu egin nahi izaten dugu, kalte egin digunari sufrimendua ezarriz. Barkatzeko, garrantzizkoa da energiarik ez gastatzea zein mendeku itzuli imajinatzen.
Erabakitzailea da, gauza guztien gainetik, erresumina ez elikatzea. Ez uztea gorrotoa gure bihotzean ezartzen. Eskubidea dugu zuzenbidea egin diezaguten; barkatzen duenak ez die uko egiten bere eskubideei. Baina inporta duena, egin diguten kaltea sendatuz joatea da.
Barkatzeak bere denbora eska lezake. Barkatzea ez da nahimen-egintza bat, dena txistu batean konponduko lukeena. Eskuarki, barkazioa prozesu baten azkena da, zeinetan parte hartu baitute sentiberatasunak, ulermenak, buru-argitasunak eta, fededunaren kasuan, Jainkoarekiko fedeak, zeinen barkazioa bizi baitugu guztiok.
Barkatzeko, beharrezkoa da batzuetan geure sentimenduak beste norbaitekin partekatzea. Barkatzeak ez du esan nahi egin diguten kaltea ahaztea, baina bai gogoratze hori era kaltegarri txikienean egitea, nola iraintzailearentzat hala norberarentzat. Barkatzera iristen denak hobeto sentitzen du bere burua.
Barkazioa horrela ulertuz doanak ulertzen du ezen Jesusen mezua dela, ezinezkoa eta amorragarria izan ordez, biderik egokiena giza harremanak, beti zuzengabekerien eta gatazken mehatxupean direnak, sendatuz joateko.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain