DENA OGI BIHURTU
Gure tentazio handia da. Geure bizitzaren zeruertz guztia geure gurariak asetzera murriztea: dena gure gurariak aseko lituzkeen ogi bihurtzeari ekitea.
Gure atseginik handiena, eta batzuetan bakarra, produktuak digeritzea eta kontsumitzea izaten da: artikuluak, objektuak, ikuskizunak, liburuak, telebista. Maitasuna bera bihurtu izan da sarritan sexu-atsegintasun huts.
Tentazioa izaten dugu plazeraren bila ibiltzeko premiaren mugak baino harago, baita bizitzaren eta bizikidetasunaren kalterako bada ere. Geure gurariak asetzeko lehian jarraitzen dugu, gainerakoen bizkar bada ere, geure artean lehiakortasuna eta gerla eraginez.
Geure burua atzipetzen dugu baldin eta uste badugu hori dela askapenaren eta biziaren bidea. Aitzitik, ez al dugu esperimentatu izan plazeraren bila era amorratuan ibiltzeak aspertzera eramaten gaituela, nazkatzera eta bizi gabetzera? Ez al gara ikusten ari ezen kontsumoa eta atsegina lantzera eragiten duen gizarteak ez duela egiten solidaritaterik eza, erantzukizunik eza eta indarkeria sortu baizik?
Zibilizazio honek, arrazoi eta neurri ororen gainetik plazera bilatzeko «hezi» gaituen honek, beste norabide bat bilatu beharra du, bizi-arnasa ufatzen ahalko digun beste norabide bat.
Basamortura itzuli beharra dugu. Jesusengandik ikasi beharra: uko egin zion hark mirariak egiteari probetxu, apeta edo plazer hutserako. Entzun beharra dugu egia, haren hitz ahantzezin hauetan datorrena: «Gizakia ez da ogitik bakarrik bizi, baizik eta Jainkoaren ahotik irteten den Hitz orotatik».
Ez al dugu sentitzen geure gutiziatik, egoismotik eta azalkeriatik askatu beharra, geure baitan maitasuna eta eskuzabaltasuna iratzartzeko? Ez al dugu sentitzen Jainkoari entzun beharra, gozatzera gonbidatzen gaituenean solidaritatea, adiskidetasuna eta senidetasuna sortzeaz?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






